Abstentzioaren garaipena Trebiñun, Gaztela eta Leongo hauteskundeetan

Erredakzioa 2022ko ots. 14a, 08:30

Trebiñuk Araban integratzeko prozesua biziberritzeari ekin zion duela gutxi. / ALEA

Gaztela eta Leongo hauteskundeetako emaitzek abstentzio historikoa utzi dute enklabeko bi udalerrietan: Trebiñuko Konderriko herritarren %64,11k ez du bozkatu; Argantzonen, berriz, abstentzioa %59,59koa izan da.

Igande honetan ospatu dira Gaztela eta Leongo hauteskundeak. Emaitza orokorretan PPk irabazi du —gobernua osatzeko ultraeskuinaren babesa beharko duen arren—, baina emaitzak oso bestelakoak izan dira Trebiñun.

EAJk (Trebiñuko Konderrian) eta EH Bilduk (Argantzonen) gobernatutako bi udalerrietan (administratiboki, Burgos), PSOE izan da irabazle (%28,13), baina oso parte hartze baxuarekin; izan ere, herritarren %40 baino gutxiago joan da bozkatzera. PP bigarren alderdi bozkatuena izan da (%23,47), eta Podemosek beherakada nabarmena izan du (%18,99). Laugarren postuan Vox gelditu da (%12,72), eta bosgarrenean España Vaciada (%5,91). Azkenik, Ciudadanosek eta beste hainbat hautagaitza txikik boto gutxi batzuk lortu dituzte.

Hauteskunde autonomikoak udal hauteskundeetatik bereizita ospatu diren lehen aldian, Trebiñuko Konderrin abstentzioa %64,11koa izan da, eta Argantzonen %59,59koa: hautetsontzietara deituta zeuden 1.506 pertsonetatik, soilik 558k parte hartu dute.

Abstentzioaren emaitza historiko horiek Trebiñuk Araban integratzeko prozesua biziberritzeko duela gutxi abiatutako egitasmoarekin kointziditu du. Horrekin batera, joan den astean, 56 trebiñarrek Trebiñu Araba da! gutuna plazaratu zuten, hauteskundeekiko "interes falta" eta enklabearen "anomalia demokratikoa" ohartaraziz.

Gainera, abstentzioa hogei puntu baino gehiago igo da 2019ko hauteskundeekin alderatuta, eta orain arte inoiz ez da %50 baino altuagoa izan.

Emaitzak Trebiñuko Konderrian

 

Emaitzak Argantzonen

Erlazionatuak

Trebiñu Araba da!

Erabiltzailearen aurpegia Mª Eugenia Galarreta, Pilar Vuelta eta Nerea Alzaga 2022 ots 11 Trebiñu

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago