Aste honetan, Argantzongo Udalak gutun bat helarazi dio Pilar Garcia de Salazar Aldundiko diputatu nagusiaren lehen tenienteari, joan den azaroaren 5ean udalerrian agertutako mugarriaren inguruko azterlan bat egitea eta horren emaitzak bidaltzea eskatzeko.
Gasteiz Hoy hedabideak argitaratu zuenez, asteburu horretan hainbat bizilagunek aurkitu zuten Arabako Aldundiaren mugarria, Argantzongo herrigunetik metro gutxira, N-1 errepideko 334. kilometroaren parean; administratiboki Gaztela eta Leongo Juntaren esku dago eremu hori gaur egun. Panpa-belarraren —Cortaderia selloana— inbasioa saihesteko auzolan bat egiten ari zirela egin zuten aurkikuntza. Izan ere, landare horietako batek mugarria "irentsi" zuen, eta desagertuta izan da orain arte.
"Mugarria egoera onean dago, eta bizilagunen zein Udalaren interesa piztu du", aitortu du Argantzongo Udalak, ohar batean. Horregatik, aurkitutako mugarriaren inguruko ikerketa bat egiteko eskatu diote Arabako Foru Aldundiari, "haren kokapenaren arrazoiak zehazteko" eta bestelako informazioa biltzeko, hala nola "kokapenaren urtea, mugarria jarri zuen entitatea edo enklabean horrelako beste mugarririk aurkitu ote den".
Egungo mugak, zalantzan
Mugarria aurkitu zuten bizilagunen arabera, mugarria XIX. mende bukaerakoa edo XX. mende hasierakoa litzateke. Garai hartan, Aldundiko bidezainak arduratzen ziren Trebiñuko Konderriko errepideez. Mugarria aurkitu ondoren, herritarrek zalantzan jarri zuten "Gaztela eta Leongo Juntak bere gain hartzen dituen egungo mugak okerrak ote diren".
"Trebiñu Araba dela dioen aldarrikapenak indarrean jarraitzen du, eta gure herriak lotzen dituzten errepideak gero eta okerrago daude", adierazi zuten bizilagunek Gasteiz Hoy hedabidean.