Arabako Diputazioaren mugarri bat aurkitu dute Argantzonen

Erredakzioa 2021ko aza. 9a, 09:00

Argantzon, Trebiñuko barrendegian. / ALEA

Argantzongo bizilagun talde batek Arabako Foru Aldundiaren mugarri bat aurkitu du udalerriko herrigunetik hurbil, inguru horretan auzolan bat egiten ari zirela.

Gasteiz Hoy hedabideak argitaratu duenez, asteburu honetan hainbat bizilagunek aurkitu dute Arabako Aldundiaren mugarria, Argantzongo herrigunetik metro gutxira, N-1 errepideko 334. kilometroaren parean; administratiboki Gaztela eta Leongo Juntaren esku dago eremu hori gaur egun.

Panpa-belarraren —Cortaderia selloana— inbasioa saihesteko auzolan bat egiten ari zirela egin zuten aurkikuntza. Izan ere, landare horietako batek mugarria "irentsi" zuen, eta desagertuta izan da orain arte.

Bizilagunek azaldu dutenez, mugarria XIX. mende bukaerakoa edo XX. mende hasierakoa litzateke. Garai hartan, Aldundiko bidezainak arduratzen ziren Trebiñuko Konderriko errepideez. Mugarria aurkitu ondoren, herritarrek zalantzan jarri dute "Gaztela eta Leongo Juntak bere gain hartzen dituen egungo mugak okerrak ote diren".

"Trebiñu Araba dela dioen aldarrikapenak indarrean jarraitzen du, eta gure herriak lotzen dituzten errepideak gero eta okerrago daude", adierazi dute bizilagunek Gasteiz Hoy hedabidean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago