Trebiñuko Konderriak epaitegietan defendatuko du Euskara Plana

Mikel Buruaga 2021ko api. 30a, 14:30
Trebiñu, Trebiñuko Konderriaren udalerriburua. / ARDO BELTZ (Wikipedia)

Gaztela eta Leongo Juntak Euskara Planari ezarri nahi dion betoari Administrazioarekiko Auzien Auzitegian egingo dio aurre Trebiñuko Konderriko Udalak: "Bidea egingo dugu eta justiziak erabaki dezala".

Martxoan, Trebiñuko Barrendegiko bi udalek 2020ko amaieran onartutako Euskara Sustatzeko Plan Estrategikoa (2020-2024) epaitegietan geldiarazteko erabakia hartu zuen Gaztela eta Leongo Juntak: Trebiñu Administrazioarekiko Auzien Auzitegira eraman zuen, eta Argantzon horrekin mehatxatu zuen.

Euskararen ofizialtasunik eza eta Juntaren betoa zirela eta, martxoaren 26an Euskara Plana atzera bota zuen Argantzongo Udalak. Ostiral honetan bertan, Euskara Plan berri bat garatzeko erabakia hartu du osoko bilkurak, eta horretarako adostasuna eta "berme juridiko handienak" bilatuko ditu.

Hala ere, bestelako bide bati ekin dio Trebiñuko Konderriko Udalak: EAJk, AICT talde independenteak eta EH Bilduk osatutako udal gobernuaren bitartez ALEAk jakin duenez, Gaztela eta Leongo Juntari aurre egingo dio Administrazioarekiko Auzien Auzitegian. Trebiñuren kasuan, gainera, Udalak ez du beste aukerarik izan, Juntak zuzenean epaitegietara jo zuelako hasieratik.

Izan ere, Trebiñuko Udalak abokatu bat izendatu du dagoeneko, eta epailearen aurrean agertzeko asmoa adierazi du. "Bidea egingo dugu eta momentuz justiziak erabaki dezala. Jada ez da soilik Euskara Planarekin lotutako gai bat; kontua da interesatzen zaion bakoitzean Gaztela eta Leongo Juntak Trebiñuko udalen erabakiei betoa jartzen diela", salatu du bigarren alkateorde eta Kultura eta Euskara zinegotzi Maria Eugenia Galarretak.

Normalizazioa eta eskola publikoa

Gaur egun, Trebiñuko Eskola Publikoa Gaztela eta Leongo sarekoa da eta, beraz, euskara ez da irakasgai bezala ere eskaintzen. Haur trebiñarren gehiengoak Gasteiz eta Langraizera jotzen du euskarazko ereduetan ikasi ahal izateko.

Euskara Planean aintzat hartutako lan ildoetako bat, hain zuzen ere, eskola publikoa da. "Arazoa hizkuntzaren normalizazio hori izan da", ziurtatu du Galarretak. 2018an ALEAn egindako elkarrizketa batean, Beñat Goitia Trebiñuko euskara teknikari ohiak ohartarazi zuen Trebiñuko eskola publikoa "etorkizuneko auzi klabea" izango zela.

Integrazioaren afera

Besteak beste pandemian zehar izandako talkak gogora ekarriz, kasu hipotetiko bat planteatu du Galarretak: "Imajina ezazu momentu batean Trebiñu Araba dela dioen mozio bat onartzen dela, osoko bilkuran akordio bat dagoela eta hortik ez garela mugitzen. Funtsean ez da gai juridiko bat, politikoa baizik", azpimarratu du. "Ezin diogu beti amen esan Gaztela eta Leongo Juntari".

Euskararen Planaren kasuan, udal bakoitzak bide bat hartu du, baina testuingurua ezberdina izan dela azpimarratu du Galarretak; eta elkarlanerako asmoa adierazi du: "Bi udalek elkarrekin lan egiten jarraituko dugu Arabako integrazioarekin zerikusia duen edozein gairekin".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide