Trebiñuko Barrendegiko bi udalek lau urterako Euskara Sustatzeko Plan Estrategikoa (2020-2024) onartu zuten 2020ko amaieran. Martxoan, Gaztela eta Leongo Juntak administrazioarekiko auzien auzitegira eraman zuen Trebiñu, eta Argantzon horrekin mehatxatu zuen.
Argantzongo Udalaren kasuan, osoko bilkurak abenduaren 29an onartu zuen plana. 2021eko martxoaren 10ean, Gaztela eta Leongo Juntak bertan behera uzteko eskatu zion Pablo Ortiz de Latierro alkateari (EH Bildu), Trebiñuko Barrendegian euskararen ofizialtasunik ezak plana abian jartzea eragozten duela argudiatuz.
Gainera, Diputazioko idazkari nagusiak ere Trebiñuko udalei adierazi zien planak "ez duela behar besteko berme juridikorik" haren aplikazioan aurrera egiteko, are gutxiago Gaztela eta Leonen errekerimendua ikusita. Izan ere, Aldundiaren iritziz, Plan Estrategikoa ez dator bat indarrean dauden erakunde arteko akordioekin: ez Gaztela eta Leongo Juntak eta Eusko Jaurlaritzak 2012an sinatutako Protokoloarekin, ezta Aldundiak eta Burgosko Diputazioak 2018an sinatutako hitzarmenarekin ere.
Ziurgabetasun egoera horren aurrean, martxoaren 26an, Argantzongo Udalaren osoko bilkurak aho batez erabaki zuen hiru hilabete lehenago onartutako Euskara Plana atzera botatzea.
Plan berria: adostasuna eta berme juridikoak
Pauso bat atzera, baina bi aurrera. Aukera hori da, hain zuzen ere, ostiral honetan Argantzongo udalbatzan eztabaidatu dena. Izan ere, EH Bilduko udal taldeak bi puntuko mozio bat aurkeztu du, eta osoko bilkurak onartu egin du.
Lehenengo puntuak "euskararen ikaskuntza eta erabileraren normalizazioa sustatzeko konpromiso irmoa" aldarrikatzen du, eta bere helburua da "euskararen erabilera gizarte bizitzako esparru guztietan sustatzen jarraitzea, herritarrei beren jarduera guztietan hizkuntza horretan jarduteko aukera emateko".
Bestalde, bigarren puntua onartuta, Argantzongo Udalak konpromisoa hartu du 2021 amaitu baino lehen Euskara Sustatzeko Plan Estrategikoa egiteko: "Plan horrek ahalik eta adostasun sozial eta politiko handiena izan behar du, baita haren garapena eta aplikazio eraginkorra ahalbidetuko duten berme juridiko handienak ere".
"Ukaezina da udalerri honek historikoki euskararekin izan duen harremana, azken hamarkadetan areagotu dena; eta ukaezina da herritarrek eta korporazio honek hizkuntzaren ezagutza eta erabilera sustatzen jarraitzeko duten borondatea", azaldu du Udalak.