Araba Euskaraz 2018

"Etorkizuneko auzi klabea izango da Trebiñun eskola publikoa"

Anakoz Amenabar 2018ko eka. 16a, 08:36

Beñat Goitia, Trebiñuko euskara teknikaria. / J. Ruiz

Bi urte daramatza Beñat Goitiak  Trebiñuko euskara teknikari lanetan. Arabako gainontzeko euskara teknikarien ohiko lanaren antzekoa egin behar duela aipatu arren, badu berezitasunik. "Maila sozialean apalagoa da egoera, eta teknikariak bere gain hartzen du elkarte batek egingo lukeen dinamizazio lana". 

Zein da Trebiñuko euskara teknikariaren lana? Epe motzeko egitasmoak dira ala luzekoak? 

Trebiñun, batez ere, familiarekin lan egiten dugu, haurrekin, bai biztanle tipologiagatik eta baita hemen nagusiak beste fase batean daudelako; familiak eta haurrak dira, batik bat, gure jokoa. Epe ertaineko programak direla esango nuke, haurrei zuzendutakoak; 30 urtera edo sumatuko litzateke orain jartzen ari garen hazi hori.

Proiektuak aurrera eramateko babesik duzu?

Beste eremu batzuetan elkarteek bultzatzen dute teknikariaren lana, haiek dira motorea, eta, hemen bai, guk gure gain hartzen dugu lan hori eta tiraka ibili behar izaten da. Trebiñun pixka bat handiagoa da lan hori.  Askotan hori izaten da zailtasunetako bat, proiektuak aurrera ateratzea; Mintzalagun talde bat sortu zen urte hasieran, esaterako, baina bi hilabete iraun zuen taldeak, jende faltagatik. Oso justu ateratzen direnez jende kopuru aldetik, jarraipena ematea zaila izaten da.

Zein da euskararen osasuna Trebiñun?

Nik uste haurrek ematen diotela osasuna hemengo egoerari. Arabako gainontzeko inguruko herriekin alderatuta, osasuna oso antzerakoa da, ezagutzaren inguruan behintzat. Halere, lehenik eta behin, kontuan hartu beharrekoa da euskara ez dela ofiziala, eta horrek eragin zuzena du; administrazioan euskara ofiziala ez denez, euskara ez da existitzen; eta esparru publikoan euskararik ez dago, ez dagoelako hizkuntza eskakizunik eta ofizialtasunak dakartzan lege ondorio guztiak. Horrek hainbat arlotan eragina dauka, baina ezagutza eta ohiko kaleko erabilerari dagokionez, AÒana eta Mendialdean antzeko egoera da. 

Zein da erronka nagusia? Egoera administratiboa da traba nagusia? 

Traba da, adibidez, udaletxe barruko euskara erabilera planik ez dagoelako; teknikariaren enborrezko lan bat izan behar da hori eta ez da egiten, erronka bat da hori. Oztopoa baino, egungo egoera ezintasun bat dela esango nuke. Beste alde batetik, erronka nagusia, teknikari moduan, gaur egun, familian eragiten jarraitzea da, eta eskolaz kanpoko eremu hori ere gero eta gehiago zabaltzea.

Arabako erakundeetatik babes handiagoa behar da? 

Euskara teknikaria Trebiñun jardunaldi murriztuan dago, eta Arabako gainontzeko teknikariak osoan, hor badago desberdintasun bat; egia da lurralde bakoitzaren baldintzak eta ezaugarriak ez direla berdinak eta lan kargak ere ez direla berdinak... 

Euskara arlotik badago babes bat, eta teknikaria bera jartzea borondate zantzu bat da, baina beste arlo batzuetan eragin daiteke. Hemengo atal garrantzitsu bat eskola publikoaren auzia da; Trebiñu herrian dago eskola publikoa, Gaztela eta Leongo sarean, eta euskara ez da existitzen han, Udaletik antolatzen dira eskolaz kanpoko ekintza bezala euskara eskola batzuk. Ez dago aukerarik arlo publikoan ikasteko; Gasteizera eta Langraizera joaten dira gehienak. Hor etorkizunerako auzi klabe bat dago, maila teknikoaz harago asmo politikoak ere zerikusia duena. Uste dut Arabatik eta, batez ere, Jaurlaritzatik datorrela etorkizunerako gakoa eskola hori aldatzeko.

Ikastolak zer ekarpen egin du? 

Hezkuntzan dagoen hutsune hori bete du. Baina egia da ikastola Argantzunen kokatzen dela, eta bereizketa handia dagoela Trebiñu herria eta Argantzunen artean, oso bereiztuta daude. Hezkuntzan eta herriaren euskalduntze giroan ezinbestekoa izan da ikastola, eta nabaritzen da herrian bertan. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago