Espainiako Kongresuak ostegunean erabakiko du administratiboki Burgosen menpe dagoen Trebiñuko konderriak Gaztela eta Leongo Juntaren irizpideak ala Araban ezarritakoak hartuko dituen, EH Bilduk eta EAJk, hurrenez hurren, gobernatutako Argantzon eta Trebiñuko udalek eskatu bezala.
Izan ere, alarma egoeraren dekretuari EAJk aurkeztutako emendakin bat bozkatuko du Kongresuak. Testuak eskatzen du "enklabeak osatzen dituzten udalerriek inguruko probintziari dagokion tratamendua jasotzea, probintzia hori beste autonomia erkidego batekoa izan arren".
Erabakiak Trebiñuren antzeko egoeran dauden enklabe guztiei eragingo die. Deseskalatze prozesuaren garaian alderdi jeltzaleak egindako proposamenaren antzekoa da; orduan, Trebiñuk Arabako neurri berberak hartu ahal izan zituen.
Oraingoz, EH Bilduk emendakina babestuko duela aurreratu du, eta babes nahikoa lortzea espero dute jeltzaleek.
Trebiñuko Guardia Zibila
"Miranda Ebrora erosketak egitera joan ahal badira, ez dira Gasteizera joan behar", ohartarazi du Trebiñuko Guardia Zibilak, Eldiario.es hedabideak argitaratutako informazioen arabera.
Hedabide horren arabera, Guardia Zibilaren iturriek "argi utzi dute EAEko araudia ez dela Trebiñun aplikatzen", eta Gasteiztik Miranda Ebrotik baino gertuago egon arren, Gaztelako araudia bete beharko dutela.
Hala ere, Miranda Ebrora joateko Arabako lurraldea zeharkatu beharko lukete.
Alarma egoera: martxora arte?
Pedro Sanchez presidenteak alarma egoera lau hilabete barru —martxoan— berrikusteko eskaintza egin dio Kongresuari, beste bi hilabete luzatu baino lehen —maiatzera arte—. Bestalde, ERCk PSOErekin adostu du dekretuan klausula bat sartzea: horren arabera, Espainiako presidentea bi hilean behin agertuko da Kongresuaren aurrean, eta Salvador Illa Osasun ministroa hilero, batzorde espezifikoan.