Pablo Ortiz de Latierro Argantzongo alkateak azaldu duenez, Gaztela eta Leongo Juntak asteburu honetatik aurrera erkidego osoan ezarri duen etxeratze-aginduak "nahasmen handia eragin du herrian". Egoera argitzeko eta segurtasun juridikoa izateko asmoz, gaur goizean egindako osoko bilkuran, Udalak erabaki du Trebiñuko Udalarekin eta Foru Aldundiarekin harremanetan jartzea eta pandemiaren kudeaketan Araban ezartzen diren irizpide berdinak ezartzeko eskatzea.
Maiatzean, Argantzongo eta Trebiñuko alkateek deseskalatze fasea Araban egitea eskatu zuten, eta Arabako Foru Aldundiak bat egin zuen eskaerarekin. Horren ondorioz, gutun bateratu bat bidali zitzaien Osasun Ministerioari eta Espainiako Gobernuak EAEn eta Gaztela eta Leonen dituen ordezkariei. Azkenik, gertutasunagatik eta auzokideen eguneroko bizitza Araban egiten delako, eskaera onartu zuten.