Argantzonek 600.000 euroko aurrekontua izango du

Erredakzioa 2020ko ots. 4a, 13:45
Argantzon Trebiñuko udalerri nagusietako bat da. / Argazkia: Asier Sarasua

Ia 600.000 euroko aurrekontua onartu du Argantzongo Udalak 2020. urterako, EH Bilduren eta EAJren aldeko botoekin udalbatzarrak argi berdea eman ostean. Aurrekontuaren %30a inbertsioetara bideratuko da.

Iragan ostiralean egindako osoko bilkuran, aurrekontuaren herena –170.000 euro inguru– inbertsioak egiteko izango dela erabaki zen. Inbertsioen artean, Las Cercas kalearen urbanizazioa nabarmendu du Udalak. Santa Maria eta Concepcion kaleen arteko zatian garatuko da proiektua.

Horrez gain, San Juan Ebanjelista Ospitalea birgaitzeko bosgarren fasea, Bila Okako elizako estalkia birgaitzea eta N-1 errepide zaharraren pasealekuan eguzki argiak jartzea onartu du Argantzongo Udalak. Azaldu dutenez, hondakinak biltzeko edukiontzien irisgarritasuna hobetzea ere aurreikusi dute.

Herrian egiten diren kultur ekintzak eta euskara sustatzeko ekintzak antolatzeko beste ia 30.000 euro bideratuko dira; horien artean, udako kultur programazioa, hainbat kirol txapelketa edota herriko jaiak nabarmendu dituzte.

Udaleko langileen soldata %2 igoko da, eta administrari laguntzailearen plazaren lanaldia ere handituko da, %100era arte osatzeko. Gainera, pertsona langabe bat lanaldi erdian kontratatzea ere aurreikusi dute.

Pasa den astean, Trebiñuko aurrekontuak aurrera atera ziren, EAJren eta EH Bilduren akordioari esker. Kasu honetan ere, pozik agertu da Argantzongo alkate Pablo Ortiz de Latierro (EH Bildu) lortutako akordioarekin: "Argantzon bezalako udalerri batean integrazioaren aldeko akordioa lortzeko gai izatea oso garrantzitsua da".

Udal Gobernuari egonkortasuna ematea ere beharrezkotzat jo du Ortiz de Latierrok. Zentzu horretan, udal kontuak onartzea oso inportantea dela adierazi du, "bizilagunen bizi-kalitatea hobetuko duten inbertsioei ekin ahal izateko eta energia-eraginkortasuna bezalako ildo estrategikoak martxan jarri ahal izateko".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide