Trebiñuk 1,7 milioi euroko aurrekontua izango du 2020an

Erredakzioa 2020ko urt. 28a, 13:37

1,7 milioi euroko aurrekontua onartu du Trebiñuko Udalak. / PHOT.OK

Trebiñuko Udalak ostiralean onartu zituen kontuak, EAJren, EH Bilduren eta Trebiñuko Konderriko Elkarte Independientearen (AICT) artean lortutako akordioari esker.

Guztira 1,7 milioi euroko aurrekontua izango du Trebiñuk 2020. urterako. EAJren, EH Bilduren eta Trebiñuko Konderriko Elkarte Independentearen bi ordezkarien aldeko botoekin atera dira aurrera.

Gaur egun, EAJko Enrique Barbadilo da Trebiñuko alkatea, eta EH Bilduk "ezberdinen artean" lortutako akordioa txalotu du, "batzuek eta besteek egindako ekarpenak" jaso dituelako.

Halaber, Trebiñu Araban integratzearen aldeko Gobernuari egonkortasuna emateko beharra nabarmendu du Ritxar Astegieta EH Bilduko bozeramaileak.

Akordioaren sinatzaileek azaldu duten bezala, klima-aldaketaren aurkako borroka, berdintasun politikak eta euskararen sustapena kontuan hartu ditu aurrekontu berriak.

Besteak beste, 7.000 euro bideratuko dira konpostatze proiektuak bultzatzeko. Bestalde, euskara ikasteko laguntzak handituko dira, eta matrikularen kostuaren %30a ordaintzetik %40a ordaintzera pasako da. Horrez gain, 4.000 euro bideratuko dira berdintasuna sustatzeko jarduerak bultzatzeko.

Trebiñuko Udalak energia gastuei aurre egiteko laguntza ildo bat sortuko du lehen aldiz, baliabide urriak dituzten pertsonei zuzenduta. Gehienez 400 euroko diru laguntzak izango dira, eta soilik herrian ohiko etxebizitza dutenek jaso ahal izango dute.

Aurrekontu akordioari esker Udalak Berdintasunerako teknikari bat eta Ingurumen eta Iraunkortasunerako beste bat izango dituela ere nabarmendu dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago