"Saseta gure herri txikiaren ondarea gal ez dadin bildu gara. San Esteban elizako teilatua erortzeko zorian dago, eta horregatik mobilizatu gara, dirua lortzeko. Jaso dugun ondare historiko, artistiko eta kulturala gorde nahi dugu, datozen belaunaldien esku uzteko". Modu horretan azaldu dute Sasetako herritarrek abian jarri duten crowdfunding kanpaina. 10.000 eta 15.000 euro lortu behar dituzte herriko elizaren teilatua konpontzeko eta eraikina behera erortzeko arriskua ekiditeko.
Urtarrilaren 26ra arte epea dago donazioak egiteko hispanianostra.org erakundearen webgunearen bitartez. Modu askotako ekarpen ekonomikoak egin daitezke, euro batetik hasita eta 300 euro arte. Gainera, hainbat sari emango dituzte donazioen truke; hala, elizaren irudiekin giltzarriak oparitu dizkiete 15 euro ematen dituzten lagunei, 50 euro ematen dituztenei teilatu berriaren teila batean bere izena jarriko dute, eta bisita gidatuak ere antolatuko dituzte diru kopuruaren arabera.
Eraikinak hainbat eraikuntza-fase ditu, XI. mendeko elementu prerromaniko batzuk, XIII. mendeko nabe erromaniko bat, ganga izartsu gotiko-errenazentista eder bat –XV. eta XVI. mendekoa–, eta XVIII. mendeko landa-dorre barroko bat.
Zerrenda gorrian
San Esteban eliza Ondarearen zerrenda gorrian dago, 2019ko martxoaz geroztik. Teilatuaren zati bat galdu du, eta ura eta elurra kalte handia egiten ari dira erretauletan. Zaharrena, San Estebani eskainitakoa, egurrezkoa da, eta hezetasunak eta xilofagoen erasoak eragindako kalteak ditu. Ebanjelisten tailuetan ere polikromia galtzen ari da. "Horregatik, premiazkoa da teilatua konpontzea, etorkizunean beste esku-hartze batzuk egin ahal izateko, eta barruan dagoen guztia kontserbatu ahal izateko", esan dute bizilagunek.
Burgosko Diputazioaren eta Gasteizko Apezpikutzaren aldetik laguntza ekonomikoa espero dute bizilagunek, baina urte askotako utzikeriaren ondoren, kolaborazioen bidez elizaren teilatuaren konponketari ekitea erabaki dute Sasetako bizilagunek. "Diru-laguntza baten zain gaude, baina ez ditu sortzen diren gastu guztiak estaliko; beraz, gastu horiei aurre egiteko dirua bildu behar dugu".