Bernedoko udalekuaren inguruko ikerketa judiziala abiatu dute, lau salaketa jaso eta gero

Erredakzioa 2025eko irailaren 30a

Bernedoko udalekuarekin lotutako salaketak ikertzen ari da Ertzaintza. Argazkia: EUSKAL UDALEKUAK

EAEko fiskal nagusiak berretsi du astelehen honetan zabaldu direla aurretiazko ekinbideak. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun sailak adierazi du "sexu askatasunaren kontrako" ekintzengatik jarri direla salaketa guztiak.

Bernedoko udalekuan gertatutakoagatik lau salaketa jaso ditu Ertzaintzak, "sexu askatasunaren kontrako" ekintzengatik. EAEko fiskal nagusiak, berriz, adierazi du "hedabideen bitartez" izan dutela udalekuari buruz zabaldutakoen berri, eta astelehen honetan bertan ireki dituztela kasuaren inguruko aurretiazko ekinbideak.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak prentsa ohar bidez jaso duenez, lehen salaketa 2025eko abuztuaren 25ean jarri zen Ertzaintzaren aurrean, ustez 2021ean eta 2022an Abaigarreko udalekuetan eta 2023an eta 2024an Bernedon gertatutakoengatik. Joan den ostiralean, irailak 26, sexu askatasunaren aurkako beste hiru salaketa erregistratu ziren Laudioko, Gasteizko eta Deba-Urolako ertzain etxeetan, ustez Bernedoko udalekuetan izandako gertakariengatik.

Hala ere, Ertzaintzak Bernedoko udalekuaren inguruko lehen polizia eginbideak 2024. urtearen amaieran  ireki zituen, udalekuan izandako ustezko gertaeren berri izan zuelako "inplikatutako pertsonekin hitz egin ondoren". Udalekuetara joan zen adingabe baten inguruko pertsona baten idatzizko deklarazioa ere jaso zuen Ertzaintzak 2025eko urtarrilaren 22an.

Ertzaintzak ikerketa bat hasi zuen, eta, besteak beste, udalekuen inguruko hainbat pertsonari deklarazioa hartu zien. "Informazio guztia bildu ondoren, 2025eko apirilaren 30ean, 10:51etan, atestatua epaitegira bidali zen. Atestatuaren beste bidalketa bat egin zen irailaren 23an, epaitegiak atestatuaren aurreko eginbiderik egin ez zuela egiaztatu ondoren".

Atestatua "geldirik"

Ertzaintzaren atestatua jaso eta gero diligentziak ireki behar zituen Gasteizko epaitegiak, baina ez zuen egin. Izan ere, Carmen Adan EAEko fiskal nagusiak adierazi du fiskaltzari ez ziotela horren inguruko informaziorik eman, eta atestatua tramitatu behar zuen Gasteizko epaitegiak gertakari horiei lotutako atestatua "geldirik" izatea salatu du.

"Beste batzuetan gertatu bezala, epaitegira bideratutako atestatua linboan gelditu zen, eta ez zuen ekarri derrigorrezkoa den diligentzien irekiera", adierazi du fiskal nagusiak. Hortaz, Adanek kasua eramatea dagokion epaitegiari eskatu dio ikerketa "berehala" hasi dezala. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago