Euskal Udalekuen eredua defendatu dute Bernedoko hezitzaileek

Erredakzioa 2025eko irailaren 26a

Bernedoko udalekuetako irudia. Argazkia: Euskal Udalekuak

Jasotako kriminalizazioa eta zabaldu diren gezurrak salatu dituzte. Dutxa mistoen hautua babestu dute "gorputzen normalizazioa eta sexualizazioa" lantzeko tresna gisa.

Bernedoko Euskal Udalekuetako hezitzaileek agiri bat publiko egitea erabaki dute, azken asteetan sortutako polemikari erantzuteko. Zabaldu den kontakizuna "errealitatetik oso urrun" dagoela adierazi dute, sentsazionalismoa eta morboa salatu, eta euskal udalekuen proiektu hezitzailea defendatu dute.

Jakinarazi dute, "gezurren aurrean", haur eta gazteak etengabe izaten dituztela zainduta, eta aldez aurretik esaten zaiela udalekuetan zehar ez dela deirik egingo eta ez eramateko mugikorrik. Hala ere, beharrezkoa denean familiekin harremanetan jartzen direla adierazi dute. Hala egin dute azken asteetan ere, orain arte publikoki ezer adierazi ez badute ere gurasoekin harremanetan egon direla euren zalantzak argitzeko.

Asteotan hezitzaileen aurkako mezuak, erasoak eta difamazioak eman direla salatu dute, eta gogorarazi dute haien proiektu autogestionatuak oinarri gisa dituela feminismoa, euskara eta auzolana. Hezitzaileek urte osoan zehar borondatezko lana egiten dutela gogorarazi dute, "ahalik eta prezio eskuragarrienean" udalekuak eskaini ahal izateko.

Haurrak batera dutxatzea

Dutxa mistoena izan da polemika gehien sortu duen puntuetako bat. Hezitzaileek eredu hau defendatu dute, eta salatu dute sortutako harrabotsa erabili dela gorroto mezuak eta mezu transfoboak zabaltzeko. Adierazi dute, udalekuetako beste ekintza guztiak bezala, dutxak tresna bat direla "gorputz guztiak normalizatzeko, estigmak apurtzeko eta lotsatik eta sexualizaziotik askatzeko".

Identitate eta gorputz guztientzako gune seguruak sortzea dute helburu gisa, azaldu dutenez, balio transfeministetan oinarrituta, "pertsona bakoitzaren berezitasunak onartuz". Inposatutako binarismoa zalantzan jartzeko eta gorputzak normalizatzeko helburua defendatu dute, eta jakinarazi dute egoera berariaz azaltzen zaiela haur eta gazteei. Gaiaz hausnartzeko baliabideak eskaintzen zaizkiela adierazi dute, eta denbora hartzen dutela "haien zalantzak eta kezkak entzun eta lantzeko".

Ez dute inor behartzen besteen aurrean biluztera, azaldu dute, eta alternatiba pertsonalizatuak eskaintzen dituztela behar den kasuetan. Hala ere, biluztasunaren sexualizazioa deseraikitzeko asmoa babestu dute, eta adierazi ahalegina egiteak merezi duela, "urtez urte emaitza oso positiboak ikusi ditugulako". Jasotako babes guztia eskertzeko ere baliatu dute aukera.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago