Bernedon egindako udaleku bat ikertzen ari da Ertzaintza

Erredakzioa 2025eko irailaren 25a

Bernedo herrian antolatutako udalekuak ikertzen ari dira. Argazkia: AFA

Guraso batzuen salaketaren arabera, adingabeak elkarrekin biluzik dutxatzera "behartzen" zituzten.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak ziurtatu duenez, Bernedon egindako udaleku bateko arduradunak ikertzen ari da Ertzaintza. Udaleku horretan, ustez, adingabeak elkarrekin biluzik dutxatzera "behartzen" zituzten.

Bernedon antolatutako kanpalekuetara azken urteetan joan diren adingabeen guraso gisa identifikatzen diren hainbat pertsonak salaketak_euskalherria instagram kontuan azken asteetan azaldu dutenez, Bernedoko kanpalekuko arduradunek elkarrekin eta biluzik dutxatzera "behartzen" zituzten adingabeak, horietako batzuk aurka agertu arren. Salaketa horietan gaineratzen dute begiraleak ere biluzik dutxatzen zirela gazteekin batera. Ume eta gazte batzuentzat oso egoera "deserosoa" eta "traumatikoa" ere izan dela aipatzen dute.

El Correo egunkariak zabaldu ditu salaketa horiek aste honetan, eta Ertzaintzak gertatutakoaren inguruko ikerketa abiatu duela gaineratu du. Gaur, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak baieztatu du

Gertakari horiei dagokienez, sailburuak esan du, lehenik eta behin, ikertzen ari direna "ez dela ikastetxe bat, ezta kolonia bat ere". "Jarduera hori ez dago erregistratuta inongo erregistro publikotan", ziurtatu du Zupiriak. Nolanahi ere, zehaztu duenez, Ertzaintzak "Bernedoko eraikin batean gertatu ziren gertakari batzuen berri du, eta dagozkion agintari judizialekin batera ikertzen ari da". Hala ere, ez du ikertutako gertakariei buruzko azalpen gehiagorik eman nahi izan, "babes berezia merezi duten" adingabeak daudelako tartean. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago