Osasun alorreko langile gutxiago dagoela eta, landa eremuan egiten ari ziren protesta asko abuztuan zehar bertan behera geratu dira, baina ez guztiak. Profesionalek ezin izan badute ere, herritarrak artatzeko langile nahikorik ez dagoelako, Kanpezun herritarrak batu dira gaur eguerdiko elkarretaratzera.
Osakidetzak eta Arabako ESIak kontsultategiak txandaka artatzea proposatu dute, taldeko profesionalen artean, eta hori lehen mailako osasun arretaren kontrako "erasoa" dela uste dute herritarrek, "pazienteen eta erreferentziazko osasun langileen arteko harremana ezabatzea" ekarriko lukeelako.
Hezkuntzan murrizketak
Gainera, protesta berean, Mendialdea IPIk bizi duen egoera salatu dute. "Hau da hezkuntzaren plana? Gure ikasleentzat 3,5 irakasle gutxiago", esaten duen pankartaren atzean elkartu dira herritar ugari. Izan ere, datorren ikasturteari begirako lanpostuen zerrendan, aurreko urtean baino lau irakasle gutxiago eman ditu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Arabako Mendialdeko eta Nafarroako hainbat herritako ikasle jasotzen dituen eskolarentzat. Herritarrek ikastetxean irakasleen taldea mantentzeko eta indartzeko eskatu dute.