Landa eremuko osasun arretaren aldeko 60.700 sinadura entregatu dituzte Legebiltzarrean

Erredakzioa 2023ko eka. 27a, 12:45

Gaur goizean, Eusko Legebiltzarrean, egindako agerraldia.

"Ondo funtzionatzen duen arreta eredua" mantentzeko eskatu dute langileek; eta negoziatzeko exijitu diote Osakidetzari.

Medikuak faltan izateko eta osasun arreta murrizteko "estrategia" leporatu diote, gaur goizean, Arabako landa eremuko osasun langileek Osakidetzako zuzendaritzari, Eusko Legebiltzarrean. "Madrilen, Ayusoren gobernuak egiten dituen politikak kritikatzen dira, baina agian iturria hemen dago", esan du Merche Larrinbe Espejo eta Gesaltza Añanako erizainak. Landa eremuan osasun arreta mantentzearen alde, jaso dituzten 60.700 sinadura entregatu dituzte langileek, eta Osakidetzari negoziatzeko exijitu diote.

Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian, langileen ordezkariek azaldu dute Arabako Osakidetzako zuzendaritza lan baldintzak aldatzen ari dela herrietan; eta modu horretan,  arreta eredua aldatu nahi duela uste dute. "Orain arte, osasun ereduak oso ondo funtzionatu du herrietan; egunean hitzordua izatea ahalbidetzen du, medikuarekin edo erizainarekin; astelehenetik ostiralera arreta egiten dugu, 24 orduz, modu presentzialean edo guardia bitartez; eta arreta transbertsala ematen diogu gaixoei". Alta, Larrinbek azaldu duenez, otsailean, "erabaki aldebakarra bidez", langileen baldintzak aldatzea erabaki zuen Osakidetzak, eta erizainei ez dagozkien funtzioak ezarri dizkiela salatu du: "Erizainei ematen ari zaizkigun ardurak ez dira gureak; lehen arretako medikuaren funtzioa da diagnostikoa eta tratamendua egitea, eta erizainena zaintza egitea", azpimarratu du.

Osakidetzari informazioa emateko eskatu diote, idatziz, langileek, baina orain arte ez dute erantzunik jaso. "Funtzionatzen duen eredu bat mantentzea eta hiriburura ere zabaltzea nahi dugu", esan du Larrinbek.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago