Mendialdea IPIren aldeko protesta jendetsua egin dute Kanpezun

Erredakzioa 2023ko eka. 19a, 10:19

Datorren ikasturtean, eskola aurrera atera ahal izateko, kendu dizkieten lau langiletik, bi gutxienez berreskuratzeko eskatu dute.

Bostehun lagun inguruk parte hartu dute, larunbat honetan, Santikurutze Kanpezun, Mendialdeko IPIn aurreikusten diren murrizketen kontrako mobilizazioan, eta ikastetxean irakasleen taldea mantentzeko eta indartzeko galdegin dute. Datorren ikasturteari begirako lanpostuen zerrendan, aurreko urtean baino lau irakasle gutxiago eman ditu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Arabako Mendialdeko eta Nafarroako hainbat herritako ikasle jasotzen dituen eskolarentzat. "Hori guretzat zifra izugarri handia da, eta zailtasunak atzeman dira eskolako eginkizunak modu egokian aurrera atera ahal izateko".

Badira jada bi aste baino gehiago borrokan daudela Mendialdean: egunero mobilizatzen dira eskolan, eta Eusko Jaurlaritzaren aurrean eta Eusko Legebiltzarrean ere kontzentrazioak egin dituzte. "Atxikimendu asko jasotzen joan gara", azpimarratu dute. "Hemen hezkuntza komunitatea oso-osorik batuta gaude, gure Ikastetxe Publiko Integrala (HHtik, DBHko 4.mailarartekoa), indartzeko, gure zonaldearen etorkizuna ez zapuzteko". Eskolako zuzendaritzak hainbat bilkura izan ditu Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzarekin, baina, azaldu dutenez, "gaur gaurkoz ez dugu aurkeztutako alegazioen erantzunik". Datorren ikasturtean eskola aurrera atera ahal izateko kendu dizkieten lau langiletik, bi gutxienez berreskuratzeko eskatzen ari dira.

Landa eremurako, zerbitzuak

Irakaskuntzan izaten ari diren murrizketekin batera, pairatzen ari diren bestelako zerbitzuen galera ere salatu  dute larunbateko mobilizazioan, eta landa eremuan zerbitzu publikoak mantentzea exijitu dute. "Ez dugu onartuko landa eremu hau hiltzen uztea. Hemen jarraituko dugu, Mendialdea Aurrera lelopean, murrizketen aurkako borrokan, dagokiguna eta justua dena aldarrikatzen: kalitateko zerbitzu publikoak". Horrenbestez, administrazioari gogoratu diote eskualdea zaintzeko eta zerbitzuz hornitzeko ardura duela, "eta entzungor egiten ari dira".

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago