Luzia meategia

Asfaltoaren ibilbide luzea

Estitxu Ugarte/PHOT.OK 2023ko mar. 24a, 08:00

Arabako Mendialdeko asfalto naturalaren meatze paisaia berreskuratzeko lanean hasi zen 2015. urtean Atauriko Batzar Administratiboa. Lehen emaitza da Luzia berreskuratzea.

Maiatzetik aurrera bisitagarri izango da publiko guztiarentzat Atauriko Luzia asfalto meategia. Hirurehun metroko ibilbidea egokitu dute 1827tik aurrera ustiatu zuten meategiaren funtzionamendua ezagutarazteko eta asfaltoaren produkzioak Arabako Mendialdean izan zuen garrantzia nabarmentzeko. Bisitak egiteko hitzordua kuadrillako telefonoan (945-40 54 24) eskatu behar da, eta bisita txandak egingo dituzte, hamar pertsonako taldeetan.

Europan dagoen brea naturaleko ustiategi irisgarri bakarrenetakoa da Ataurikoa. "Frantziako ikastetxeetako patio gehienak Araban egindako produktuarekin eginda daude, eta Espainiako unibertsitate asko, Gasteizko espaloiez gain, produktu landuarekin eginda daude", esan du Arabako Mendialdeko meategiak ondo baino hobeto ezagutzen dituen Jesus Alonso geologoak. Garrantzi handia izan zuen asfaltoaren ustiatzeak Arabako Mendialdean, Vasco Navarro trenbidearen Atauriko estazioaren sorrera ere bultzatu zuen, eta trenbidearen garapena hein handi batean.

Plataformaren sostengua

Halere, behin jarduera amaitu eta gero, meategiaren inguruak abandonatu zituzten eta hondamena gailendu zen. 2015. urtean, berriz, hasi zen Atauriko Batzar Administratiboa aztertzen Compañía de Asfaltos de Maestu enpresak utzitako meategia berreskuratzeko zer aukera egon zitekeen. Izan ere, herrian beti izan dute zonalde horren egoeraren inguruko kezka. "Garrantzia eman diogu beti meatzearen zonaldeari, hemengo jende askok lan egin duelako bertan, eta herriak oso harreman estua izan duelako beti asfalto-fabrikarekin", azaldu zuten bizilagunek.

Hala, Paisaiaren Ekintza Plan baten aurreproiektua egin zuen Atauriko Batzar Administratiboak, gertuko administrazioen ateak jotzeko tresna bat izatearren. Plana Arraia-Maeztuko Udalean eta Mendialdeko Kuadrillan aurkeztu zuten; eta, 2019an, Atauriko meategiak, atzo, gaur eta bihar plataforma sortu zuten, gaiaren inguruan interesatuta zeuden Atauriko herritarrek eta Batzar Administratiboak meategien berreskuratzea sustatzeko. Garai  horretan, gainera, hainbat bisita antolatu zituzten meategira, inguruan botatako zaborra biltzeko kanpaina egin zuten, eta meategien jarduerari buruzko informazioa eta testigantzak biltzen eta zabaltzen hasi ziren.

2020an, Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak hitzarmen bat adostu zuten, meategiak duen ondare geologikoa, paisajistikoa, historikoa eta industriala gogoan izanda, proiektu ekoturistiko bat finantzatzeko. Arabako Mendialdeko Kuadrilla eta Arraia-Maeztuko Udala izan dira egitasmo horren bultzatzaileak, eta iragan astean aurkeztu zuten lehen fruitua: Atauriko Luzia meategia bisitagarri egingo duen egokitzapena. Guztira, Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak 884.000 euro inbertitu dituzte ingurua berreskuratzeko obran, eta meategi zaharrean sartzea ahalbidetzen duen 300 metroko ibilbide bitxi bat egokitu dute.

Meatzarien testigantzak

Era berean, Arabako Mendialdeko meatzarien bizitza kontatu duten pertsonen testigantzak jaso dituzte Luzia meategiaren inguruko bisitarako prestatutako eskuorrian; lan txandak, minerala erauzteko prozesua edo "iluntasunaren sentsazioak" jasotzen dituzte horretan. "Fabrikan lan egin nuen –irakur daiteke– , 1937ko apirilean. Han asfaltozko baldosak egiten ziren, errota batera eramaten ziren, berogailutik pasa eta prentsetara. Oihalak burdinazko molde batzuetan egiten ziren, galdara batean sartu eta asfalto hautsa sartzen zen; gero iragazketa egiten zen, eta, ondoren, txikitu egiten ziren". Bertako meatzari asko artzainak ere zirela jasotzen da, edo "oso beltzak" iristen zirela lanetik. "Meatzeko herrixkatik nahiago zuten Korresera etorri, Maeztura joateko alkandora zuria jantzi behar zutelako; Korresen berriz, normalagoak ziren", kontatzen du lekuko batek. "Aitona Josek eta Bernabek 12 urte zituztenetik 65 urtera arte lan egin zuten fabrikan", dio lekuko batek.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide