Proiektuak 969.193 euro jasoko ditu Europako Next Generation funtsetatik, eta dagoeneko hasi da bere Ekiola eraikitzen, Arraia-Maeztu udalerriko Tellazar industrialdean. Aste honetan bertan, obrak bisitatzera hurbildu dira Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzalez, EEEko zuzendari nagusi Iñigo Ansola eta Mendialdeko Kuadrillako lehendakari eta Arraia-Maeztuko alkate Anartz Gorrotxategi, Krean ingeniaritza enpresako eta Ekiola kooperatibako ordezkariekin batera.
Eguzki-energia sortzeko herritarren kooperatibak bultzatzeko xedez abian jarritako Ekiola egitasmoaren lehen parke fotovoltaikoa izango da Maeztukoa. Etxebizitza bakoitzak 1.500 euro baino gutxiago inbertituko ditu kooperatibista bihurtzeko, baina, aldi berean, 31,56 euro megawatt orduko prezioa izango dute kooperatibako kideek; hau da, merkatu askean urtean 918 euroko kostua duen kontsumo batetik, urtean 231,94 euro inguru ordaintzera igaroko dira.
"Mendialdeko biztanleentzako aukera bat da, eta Kuadrillako bizilagunei eskatu nahi diet faktura egiazta dezatela, Ekiolak eskaintzen dituen onura ekonomikoak zein ingurumenekoak ikusteko", aldarrikatu du Gorrotxategik. Bere aldetik, Gonzalezek azpimarratu du Araba "funtsezkoa" dela Euskadik deskarbonizazioan aurrera egin dezan.
Izen-ematea zabalik
Kooperatibako kide izateko izen-ematea joan den ostegunean ireki zen. Proiektuan parte hartu eta informazio gehiago nahi duten familiek, saltokiek eta erakundeek, horretarako aukera izango dute zenbait egunez irekiko dituzte Ekiolaren bulegoetan, honako udalerrietan, 14:00etatik 20:00etara:
-
Maeztu: abenduaren 2an, 14an eta 21ean
-
Kanpezu: abenduaren 5ean, 15ean eta 22an
-
Bernedo: azaroaren 28an eta abenduaren 7an eta 16an
-
Lagran: azaroaren 29an eta abenduaren 9an eta 19an
-
Urizaharra: azaroaren 30ean eta abenduaren 12an eta 20an
-
Alda: abenduaren 1ean eta 13an
Bertaratzen diren herritarrek, NANa eta argiaren azken faktura eramanda, proiektuaren datu tekniko eta ekonomikoak zehaztuko dituen txosten bat jaso ahal izango dute, baita energia kooperatibako kide izateko kostua ere.
Azkenik, proiektuaren sustatzaileek azpimarratu dutenez, instalazioak 25 urteko funtzionamendua eta errendimendu bermea izango du. Beraz, energiak 50 euro megawatt ordukotik beherako prezio finkoa izango du aldi horretan.