Ekiola energia kooperatibak lehen proiektuak aurkeztu ditu Araban

Erredakzioa 2022ko ots. 25a, 12:51

Ekiolaren lehen proiektuak aurkeztu dituzte instituzioek. AFA

Agurain, Amurrio, Arraia-Maeztu, Kuartango eta Zigoitiko udalerrietan eraikiko dira azpiegitura fotovoltaikoak, balio txikiko lurzoruetan.

Ekiola energia kooperatibak Agurainen, Amurrion, Arraia-Maeztun, Kuartangon eta Zigoitian azpiegitura fotovoltaikoak eraikiko ditu. Erabilgarri dauden lursailek hektarea bateko azalera hartuko dute. Lurzoru antropizatuak dira, balio txikikoak, eta berreskuratu egingo dira erabilera hori emateko.

Agurainen, erabilgarri dagoen lurzatiak hiru megawatteraino instalatzeko aukera emango du; Gorbeialdeakoa –Etxabarri Dibiña– proiektu aurreratuenetako bat da, eta 2,25 megawatterainoko produkzioa izanen du. Aiaraldeko lurzoruak 1,7 MWp arteko instalazioa ahalbidetuko du; Kuartangon, 1,2 MWp arteko instalazioa egingo da; eta Mendialdean, berriz, 1,5 megawatterainokoa izango litzateke.

Hemendik aurrera, eta lurzorua proiektu bakoitzari lotuta dagoenean, hirigintza eta ingurumen izapidetzearen fasean aurrera egingo da, eta fase hori hurrengo hilabeteetan luzatuko da. Denbora horretan zehar, kuadrilla bakoitzeko eta bertako udalerrietako auzotarrei proiektu horien berri emango zaie, kooperatibetan parte hartu nahi duten autonomoengana, negozioetara, enpresa txikietara eta lehen sektorearekin lotutako enpresetara ere hurbiltzeko helburuarekin.

Ramiro Gonzaalez Arabako diputatu nagusiak, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak lagunduta, Iñigo Ansola EEEko zuzendari nagusiak, Jon Berbel KREANeko zuzendari nagusiak eta kuadrilletako eta udaletako ordezkariek egiaztatu dute gaur Agurainen erakundeek konpromisoa hartu dutela Arabako kuadrilletan eguzki parke fotovoltaikoak eraikitzea bultzatzeko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago