Arabako Foru Aldundiak, Energiaren Euskal Erakundearekin eta Krean Ingeniaritza sustatzailearekin batera, eguzki-energia sortzeko herritarren kooperatibak (Ekiolak) ezartzea bultzatuko du Arabako kuadrilla guztietan.
Ekiolak energia berriztagarria sortzeko kooperatibak dira. Herritarrek eurek hartuko dute parte eguzki-energia fotovoltaikoa sortzeko eta kudeatzeko erabakietan, kontsumitzaile aktiboaren eta energia-komunitatearen figura sendotuz.
"Autohornikuntza bultzatu nahi dugu, kanpoko iturriekiko mendekotasuna murriztu eta energia berriztagarri iraunkorrak sustatu", azaldu du Josean Galera Ingurumeneko foru diputatuak proiektuaren aurkezpenean.
Aurkezpenean, egitasmoaren garrantzia azpimarratu dute, "herritarren parte hartzeari bide zuzena ematea baitakar". Ildo horretan, Iñigo Ansola EEEko zuzendari nagusiak nabarmendu du "Europako politika energetikoekin eta 2030erako Euskadiko Energia Estrategiarekin bat datorrela".
Bestalde, Krean Ingeniaritzako zuzendari nagusi Jon Berbelek kooperatibaren formula goraipatu du, "Euskadiko idiosinkrasiari erantzuten dion formula delako eta dimentsio handiagoko proiektuak eratzea ahalbidetuko duelako".
Energia demokratikoa
Aldundiak "energia demokratikoaren" kontzeptu berriaren aldeko apustua egin nahi du: "Eredu energetiko sozial eta herritarra sustatzen dugu, klimaren alde konprometitua, eta herritarrak etorkizunarenpartaide egiten ditugu, etorkizun berdeago eta iraunkorrago baten partaide", azpimarratu du Galerak.
Lurralde ikuspegia
Gainera, lurralde ikuspegia landu nahi duen proiektua da Ekiola. Horregatik, Arabako kuadrilla guztietan gutxienez energia-komunitate bat izatea aurreikusi da. Aste honetan bertan, eta martxoaren erdialdera bitartean, Arabako udalekin bilerak eta topaketak egiten hasiko dira, ekimena lehen fase batean aurkezteko; geroago, herritarrek izango dute proiektuaren berri.
Epe luzerako proiektua
Josean Galerak argi utzi nahi izan du "epe luzerako proiektua" dela. 2021ean lehen Ekiolak instalatzeko oinarriak ezartzen hastea espero dute, datozen urteetan kuadrilla guztietara iristeko helburuarekin.
Zero kilometroko energia
Kooperatiben eraketak zero kilometroko energia lortzeko helburua izango du, eta, horretarako, dimentsio esanguratsua izango duten energia azpiegiturak aurreikusi dira: 1 MW eta 5 MW arteko potentzia izango duten eguzki parkeak.
Proiektu horien bideragarritasunaren oinarria honakoa da: herritarrek beren etxebizitzaren kontsumo elektrikoaren baliokidea den kooperatibaren jabetzaren zati bat eskuratuko dute, eta faktura elektrikoan jasota geratuko da. Kooperatiba bakoitzak eraiki eta erabiliko ditu instalazioak sorkuntza-kostu egonkorrarekin, erabiltzeko edo jarduteko epe luze batez —25 urtez edo gehiago—; eta pertsona edo familia kopuru handiarentzat kudeatuko da.
Etekinak kooperatibistentzat izango dira, faktura elektrikoaren bidez. Hartara, bakoitzak bere instalazioaren sorkuntzaren emaitzak ikusi ahal izango ditu urtero, bai ekonomikoki, bai elektrikoki. Aldi berean, askotariko eragina ebaluatzeko moduan egongo da, ingurumenari, iraunkortasunari, tokiko aberastasunaren sorrerari eta kontsumoaren ekonomiari dagokienez.