Altan Bernedo botika enpresako langileen batzordeak —ELAko sei ordezkarik eta LABeko hiruk osatuta— jakitera eman duenez, azaroan abiatutako greba mugagabeari amaiera ematea erabaki dute, zuzendaritzarekin akordioa lortuta: "lan erreformaren aurka" blindatutako hitzarmena sinatu dute, KPI indizeari lotutako soldata igoerak jasotzen dituena.
Beraz, Bernedoko fabrikako 150 langileek —gehienak emakumeak— "Kimikako Estatuko hitzarmeneko baldintza askoz prekarioagoak aplikatzea saihestu dute", sindikatuen hitzetan. "Gatazka amaitu da, langileek euren helburuak lortu dituztelako: aurreko eskubide guztiak errespetatuko dira, igoerak KPIarekin lotzen dira eta hori guztia enpresa hitzarmenean islatuko da, 2020-2024ko indarraldian", azaldu dute.
Azken hiru hilabeteetako greba mugagabea "borroka sindikal eredugarria" izan dela azpimarratu dute langileen ordezkariek: "Elementu garrantzitsu ugari uztartu ditu: Arabako Mendialdeko eremu isolatua, multinazional bati saldutako enpresa (hastapenetan diru publikoarekin bultzatuta), farmazia industria bezalako sektore estrategikoa, gehienbat emakumez osatutako plantilla eta baldintza eskasak dituen Kimiken hitzarmen estatalaren mehatxua".
"Enpresak lan baldintzak okertuko zituela eta eskubideak murriztuko zituela mehatxu egin zuenez, langileek bat egin zuten eta grebara irten ziren, ahalik eta ate gehien jo zituzten, eta borrokatu dute eskubideak eta erosteko ahalmena ez galtzeko, soldaten igoera KPIari lotuz", ospatu dute ELA eta LAB sindikatuek.
Azkenik, langileek eskerrak eman dizkiete inplikatutako eragile guztiei, eta pozik agertu dira "gatazkan zehar erakutsitako batasunagatik".
ALTAN BERNEDOKO LANGILEEK LORTU DUTE‼️
— ELA Gasteiz (@ELAGasteiz_) March 7, 2022
????DESPUÉS DE 100 DÍAS DE HUELGA LAS TRABAJADORAS DE @Altanenlucha HAN CONSEGUIDO UN CONVENIO Y LA SUBIDA DE IPC????
BORROKA ETA ANTOLAKUNTZA MEREZI DUELAKO,
GORA LANGILEON BORROKA✊????
Albistea: https://t.co/OmsqfRYHkP pic.twitter.com/OecfmPevQr