Azaroaren 5ean abiatutako greba zikloarekin jarraitzen dute Altan Bernedoko langileek, plantillaren %100aren jarraipenarekin. "Urrats historikoa da, enpresaren historian egun osoz egin diren lehen grebak izan baitira", azpimarratu dute sindikatuek.
Orain, enpresa batzordeak —ELAko sei ordezkarik eta LABeko hiruk osatuta— greba mugagabea deitu du azaroaren 29tik aurrera, KPIren araberako soldata igoerak jasoko dituen eta lanaldia mantenduko duen enpresa hitzarmenaren alde. Izan ere, azken negoziazioetan, enpresak adierazi du ez duela KPIa igotzea aurreikusten, eta soilik produkzioaren eta absentismorik ezaren araberako igoerak proposatu ditu. Gainera, sindikatuek kritikatu dutenez, hiru lanaldi gehiago eskatzen ditu enpresak, aplikazio subsidiarioa duen Kimiken Estatuko Hitzarmeneko lanaldira egokitzeko. Horrekin batera, ABE osagarriak ezabatu nahi ditu.
"Ekoizpen gehiago, presentzia handiagoa eta irabazi handiagoak bilatzen dituzte fabrikan, betiere azken urteetako enpresa itunetan hobetutako eskubideak ukatuz, horien ultraaktibitatea laster amaitzen baita", salatu dute sindikatuek.
Hitzarmen berriaren alde
Farmazia industriaren sektorean diharduen lantegia da Altan Bernedo. Arabako Mendialdean kokatuta dago, Bernedon, eta Altan Pharmaceuticals taldearen parte da; orain Ethypharm taldeak erosi du. 2019an Biomendiko enpresa ituna amaitu zenetik —orduan bihurtu zen Altan Bernedo—, enpresa batzordea hainbat bilera egiten saiatu da zuzendaritzarekin, 150 langileentzat —gehienak emakumeak— enpresa hitzarmena lortzeko helburuarekin.
Covid-19aren garaian, lan gogorra egin dute Altan Bernedoko langileek. Beste sektoreetan ez bezala, ekoizpena handitu egin da, baina sindikatuek salatu dute enpresak ez duela areagotze hori konpentsatu nahi izan. Hitzarmenaren negoziazioetan, enpresak ez du KPIaren araberako soldata igoerarik aurreikusi: "Proposatu duen gauza bakarra da produkzioaren eta absentismorik ezaren mende dauden igoerak; igoera horiek plantilla kaltetzeko beste modu bat baino ez dira", diote sindikatuek.