Altan Bernedo

"Gutxiagoren truke lan gehiago egitea nahi du enpresak"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2022ko ots. 18a, 07:00

Liliana Villamor eta Isabel Barrera Altan Bernedoko langile batzordeko kideak dira. E.U.

Azaroaren amaieratik greba mugagabean daude Altan Pharmaceuticals Bernedoko enpresan. Arabako Mendialdeko faktoria handiena da, eta langile gehien hartzen dituena. 1991. urtean, Biomendi izenarekin sortu zenetik, esku desberdinetatik pasatu da. Egun, Frantziako Ethypharm multinazionalaren menpe dago. 

Larunbat honetan, eguerdian, manifestaziora deitu dute Bernedoko Altan Pharmaceuticals (Altan-Bernedo) taldeko langileek, Gasteizen. Oinarrizko hitzarmen kolektiboa eta KPIarekin lotutako soldata igoera aldarrikatzeko 90 egun daramatzate greban bertako 134 langileek –104 emakumeak dira–. Enpresak negoziatzeko erakutsi duen jarrera eskasaren aurrean ez dutela amore emateko asmoa argi utzi dute Isabel Barrera enpresa batzordeko lehendakariak eta Liliana Villamor batzordeko kideak, eta lan baldintzak hobetzen ez badira ez direla lanean hasiko baieztatu dute: "Hainbeste denbora eta gero, galdu dugunarekin, ezin gara edonola sartu".

Noiz izan duzue azken harremana enpresarekin?

Liliana Villamor.V.: Asteazkenean bildu ginen. Greba mugagabea amaitzeko gure azken proposamena eraman genien, eta erabat baztertu dute, beste behin. 

Zer proposatzen diozue enpresari?

L.V.: Oinarrizko proposamena da Lan Ikuskaritzan hitzarmena erregistratzea eta KPIaren araberako soldata igoera, %1 eta %4 artekoa, eta igoera berdina aplikatzea antzinatasunari. 

Zenbat aldiz bildu zarete enpresarekin greba mugagabea hasi zenetik?

L.V.: Hasiera batean, greba bertan behera uzten ez bagenuen ez zirela bilduko esan zuten. Baina, azkenean, iragan urteko abenduan hainbat bilera izan genituen, eta ordutik bederatzi aldiz bildu gara enpresarekin.

Eta bilera horietan ez da jarrerak hurbiltzeko aukerarik egon?

Isabel Barrera: Ez, ez dugu lortu. Gure eskaerak hasieratik erabat baztertu dituzte.

Zer da enpresak argudiatzen duena zuen proposamena baztertzeko?

I.B.: Ez dute inolaz ere lan hitzarmena sinatu nahi. Azken bileran bota zuten esaldia lapidarioa izan zen: ez dutela hitzarmena sinatu nahi erabakitzeko ahalmena galduko dutelako. Gainera, esan zuten ezin dutela KPIaren igoera egin, enpresa ekonomikoki gaizki omen dagoelako.

Hortaz, greba mugagabeari eusteko asmoa duzue?

L.V.: Inork ez zuen uste hain urrutira iritsiko ginenik. Enpresan ez da inoiz grebarik egin, ordu erdiko lanuzteak bai, baina grebarik ez. Oso gogorra da, baina inoiz baino elkartuago gaude eta ez dugu atzera egingo. Hainbeste denbora eta gero, galdu dugunarekin, ezin gara edonola lanera sartu, eutsi egin behar diogu grebari.

I.B.: Orain arte oso zaila izan da langileak elkartzea enpresan, eta oso pozik gaude ematen ari garen erantzunarekin. Horregatik uste genuen enpresak lehenago erantzungo zuela, ikusten zuenean jendea ez zela atzean geratzen, baina egin dutena da gure lanpostuak betetzeko aldi baterako laneko enpresen bidez langileak kontratatu. Hori legearen kontrakoa da, eta dagoeneko salatu dugu Lan Ikuskaritzan. Greba mugagabea oso gogorra da, baina gehienak ELAn edo LABen afiliatuak gaude eta erresistentzia kutxa edo borroka kutxa dugu. Badago afiliatuta ez dagoen jendea, eta horiei oso eskertuta gaude, indartsu eusten ari direlako.

"Lan zama mantendu edo igo da, eta guk 2019ko soldata berdina kobratzen jarraitzen dugu"

Erabatekoa da greba mugagabearen jarraipena langileen aldetik?

L.V.: Ez da erraza, baina talde bezala oso elkartuta gaude, eta momentuz ez dago inor greba mugagabetik kanpo geratu denik. Produkzioan, biltegian, I+G eta kalitate kontrolean eta mantentze-lanetan mugagabeko langile guztiak greba egiten ari dira.

2019tik indarrean dagoen enpresako akordioa ekainean iraungiko da. Zer gertatuko da orduan?

I.B.: Guk enpresako akordio bat dugu 2019tik, ez lan hitzarmen bat, eta lan erreformarekin ultraaktibitatea soilik hitzarmen kolektiboetan aplikatzen da. Horrenbestez, guri ez dagokigu  mugagabeko ultraaktibitatea, eta aurtengo ekainaren 30ean amaituko da gure enpresa akordioaren indarraldia; orduan, Estatu mailako Kimikaren hitzarmenaren menpe egongo ginateke, gurea baino lan baldintza eta eskubide kaskarragoak aurreikusten dituena. Enpresak esan du egungo akordioa errespetatzen jarraituko duela, baina ez dute hitzarmena erregistratu nahi.

Nondik dator lan gatazka? Zer momentutan egin zuen eztanda?

I.B.: 2016tik 2019ra enpresako akordioa indarrean izan genuen, 2019an amaitu zen eta ultraaktibitate epea hasi zen. Enpresarekin negoziatzen hasi ginen, baina otsailean langileen batzordeak enpresa salatu zuen, akordioan jasota zeuden hainbat puntu ez zituelako betetzen. Orduan, enpresak negoziazioak etetea erabaki zuen, hamaika hilabetez, epaileak gure alde egin zuen arte. Hasi ginen berriz negoziatzen, baina 2021eko urrian, Madrilgo nagusia etorri zen, bilera batera deitu zituen langile guztiak, eta nik uste dut momentu hori izan zela inflexio puntua.

Zergatik?

L.V.: Sekulako mespretxuarekin tratatu gintuen. Lan zama eta presio handia jasaten ari ginen eta jendea erreta zegoen; bilerak ezinegona leherrarazi zuen, eta jendeak zera esan zuen: "honaino heldu gara, grebara goaz".

I.B.: Alper batzuk ginela esan zuen, Toledoko enpresa gurea baino askoz hobeto funtzionatzen zuela eta lasta bota behar baldin bazuten Bernedo botako zutela. Hori izan zen inflexio puntua; langileak jada ez gaude prest gehiago emateko, asko eman dugu, eta hortik aurrera hasi ginen greba mugagabearekin.

L.V.: Denbora horretan, gainera, adarra jo ziguten; negoziatzeko bilerak behin eta berriz bertan behera uzten zituzten, bileren egutegi bat proposatu genien eta ez zuten bete, eta ikusten ari ginen ultraaktibitatea bukatzen ari zela.

Jabe aldaketa ugari izan da enpresan. Nola eragin dio langileen eskubideei?

L.V.: 2015ean, Altan Pharmaceuticals izeneko inbertsio funts irlandarrak Spain Pharma taldea –Bernedoko planta barne– erosi zuen; eta 2021eko urrian, Frantziako Ethypharm farmazeutikari saldu zion. Baldintzak mantenduko zituztela hitz eman zuten, eta guretzat enpresa farmazeutiko baten eskuetan egotea inbertsio funts baten menpe egotea baino hobeagoa da. Hortaz, harremanetan jarri ginen arduradun berriekin azaltzeko negoziazioa geldirik zegoela eta ez genuela ikusten akordioa lortzeko aukerarik. Erantzun ziguten negoziazioa pertsona berdinen eskuetan zegoela eta bat egiten zutela haien jarrerarekin.

"Arabako ;endialdeko enpresa handiena da Altan; langileen %45 eskualdean bizi dira"

Zer garrantzi du enpresak Arabako Mendialdeko industria ehunean eta ekonomian?

L.V.: Ez da gatazka soil bat. Arabako Mendialdeko enpresa handiena da Altan; lanpostu gehien dituen enpresa da eta langileen %45 eskualdean bizi dira. Enpresa ixten bada edo kaleratzeak baldin badaude, jende askok alde egingo du, lana beste toki batean bilatu beharko duelako.

I.B.: Jende askok lana aurkitu eta bere bizitza garatu du hemen, eta langile horien umeei esker zabalik dago, adibidez, Kanpezuko ikastola. Negozio txiki asko ere zabalik daude langile horiei esker, denda txikiak, etabar.

Arabako Mendialdeko udalen aldetik babesa jaso duzue?

L.V.: Udal guztien babesa izan dugu, guztiek sinatu dute agiri bat, negoziatzeko eskatuz, baina presionatzeko duten aukera oso murritza da.

I.B.: Badakigu Bernedoko Udala saiatu dela behin baino gehiagotan enpresarekin hitz egiten, baina une honetan ez dago erantzunik. Antoñana, Urizaharra, Maeztu, Lagran… Denek bat egin dute gurekin. 
Enpresa ixteko arriskua ikusten duzue? Kaleratzeen arriskua dago?

L.V.: Oso litekeena da kaleratzeak gertatzea. Zuzendaritzaren arabera, parazetamola da gehien saltzen duten produktua, eta ez du lehen zuen errentagarritasuna, gero eta merkeagoa delako. Parazetamola egiteari uzten baldin badiote, produkzioa murriztuko litzateke eta langile gutxiago beharko lirateke.

Lanpostuetan murrizketak egon dira azken urteetan?

L.V.: 2020an 19 lanpostu kendu zituzten, 12 lagundutako bajak izan ziren eta besteak behin-behineko kontratuak, eta 2019an izan zen beste murrizketa batetik gentozen.

I.B.: Lanpostu horiek ez dituzte ordezkatu, gainerako langileen bizkar gainean etorri da lana. Lan zama arindu beharrean lan zama handitu egin da. Lan zama mantendu da edo igo da, eta guk 2019an kobratzen genuen soldata berdina kobratzen jarraitzen dugu.

Zer urrats egingo dituzue hurrengo egunetan?

I.B.: Arabako Diputazioarekin bilduko gara aste honetan bertan, eta Eusko Legebiltzarrean ere agerraldia egingo dugu. Larunbatean, berriz, manifestazioa egingo dugu Gasteizen, 12:30ean, Andre Maria Zuriaren plazatik.

L.V.: Manifestazioa egiteko ideia eskualdeko biztanleek eman digute, nolabait elkartasuna adierazi nahi digutelako, eta eskualdetik kanpo ere jendeak jakin dezan zer gertatzen ari den Bernedon.

Osakidetzak isuna jarri dio Altani. Zer ondorio izango ditu horrek?

I.B.: Osakidetzaren hornitzailea da Altan, eta grebaren ondorioz ezin izan du kontratua bete eta isuna jarri diote. Bada, ez du arazorik isun hori ordaintzeko, baina ez da gai langileei soldatak igotzeko.

L.V.: Jakin badakigu 100.000 eurotik gorako isuna jarri diotela, baina ez dakigu zenbateko zehatza. Dena dela, harrigarria iruditzen zaigu, Ethypharm-ek dirua jartzea isun horiek ordaintzeko eta enpresaren likidezia bermatzeko, eta, aldiz, langileen eskaerei muzin egitea.

Zer kostu izango luke enpresarentzat zuen KPIaren araberako igoera onartzeak?

L.V.: 2020, 2021 eta 2022 urteetarako soldata igoerak gutxi gorabehera 500.000 euroko kostua izango luke; bitartean, greba dela eta, Ethypharm multinazionalak 1,8 milioi euro jarri behar izan ditu abenduan hornitzaileei ordaintzeko eta likidezia bermatzeko. Ez dugu ezer ulertzen. Gatazka hau orain amaitu daiteke.

I.B.: Ethypharm-eko zuzendari exekutiboa enpresarekin eta langileen batzordearekin egon da, eta jarrerak hurbiltzeko eskatu digu. Bilera guztiak guk eskatu ditugu, pasa den asteko bilera ere guk eskatu genuen. Gu dena ematen ari gara, baina dagoeneko ezin dugu gehiago eman; hasierako plataformatik bi puntu utzi ditugu besterik ez, eta eskatzen dugun igoera KPIra ere ez da iristen.

Enpresaren egoera ona da? Lana dago?

I.B.: Lan zama ez da jaitsi. Eskaerak mantendu dira, 12 eta 14 milioi poltsa saltzen ari gara; gero eta parazetamol gutxiago egiten dugu baina produktu garestiagoak egiten ditugu, beraz errentagarritasuna bermatzen da, eta ez dugu produkzio beherakadarik izan.

L.V.: Are gehiago, 2020an, apirilean, pandemia betean, lau egun gehiago lan egitea eskatu ziguten. Ez zuten ordaindu nahi enpresa akordioan jasotakoa, eta eztabaida sutsua izan genuen batzordearen eta enpresaren artean. Insolidario deitu gintuzten, baina egoera aprobetxatu nahi zutenak beraiek ziren. Egoera horretan ere egin behar izan genuen ahalegina eta ez ziguten inolaz ere ordaindu.

Enpresaren politika aldatu da jabeen aldaketarekin?

I.B.: Enpresaren politika aldaketa Madrilgo zuzendari berriarekin etorri da. Altanek taldea erosi zuenean urtebete egon ginen linboan bezala, baina Manuel Casegas iritsi zenean lan baldintzak okerrera egin zuten nabarmen.

L.V.: Casegas enpresaz enpresa joaten da enpresak estu hartzen errentagarriagoak egiteko, eta Casegas hemen dagoenetik gero eta presio handiagoa sumatu dugu langileok, denborak murriztu egin dituzte, lan zamak handitu dira, gero eta gauza gehiago egin behar dira soldata berdinarekin eta jende gutxiagorekin.

I.B.: Zortzi ordutan egiten ari gara orain hamabi orduko lanak, eta hori nabaritzen da, psikologikoki eta fisikoki askoz nekatuago gaude langileak. Gutxiagoren truke lan gehiago egitea nahi dute. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago