Altan Bernedo, 46 egun greba mugagabean

Erredakzioa 2022ko ots. 4a, 12:34
Altan Bernedoko langileek manifestazioa egin dute Batzar Nagusietaraino. / @AltanEnLucha

Greba mugagabearen 46. egunean, Altan Bernedoko langileek manifestazioa egin dute Gasteizen. Ondoren, elkarretaratzea egin dute Batzar Nagusien aurrean, enpresa batzordeko ordezkariek hitza hartu duten bitartean.

Farmazia industriaren sektorean diharduen Altan Bernedo fabrikako lan gatazka luzatzen ari da: dagoeneko 46 egun daramatzate greba mugagabean, azaroaren 29tik, eta negoziazioan ez da aurrerapausorik izan.

Funtsean, langileek KPIaren igoerak eta lanaldia blindatzea jasoko duen enpresa hitzarmena aldarrikatzen dute, baina zuzendaritzak kimikako estatuko hitzarmena aplikatzen jarraitu nahi du.

Gaur, ostiralean, Arabako hiribururaino eraman dute protesta. Grebalariak 08:00etan abiatu dira Adurtzatik, hiriaren kanpoaldetik Arabako Batzar Nagusietaraino joateko. Izan ere, martxaren arrazoia Arabako legebiltzarrean mintzatu diren langileen ordezkariei babesa ematea izan da. Enpresa batzordeko bozeramaileek gatazkan inplikatzeko eskatu diete erakundeei.

Lan gatazkaren erdian, gainera, milaka euroko isuna jaso du enpresak —100.000 euroraino iritsi daitekeena—, grebaren ondorioz Osakidetzari botikak ez entregatzeagatik; horren harira, hainbat mobilizazio egin dituzte egunotan, Santiago eta Txagorritxu ospitaleen zein Osakidetzaren egoitzaren aurrean. Enpresa batzordeak premiazko bilera eskatu du Osakidetzako zuzendaritzarekin, zehapen hori argitzeko eta horri buruzko informazioa eskatzeko.

"Langileek argi dute grebak jarraitzen duen bitartean erakunde guztietara joko dutela eta beharrezko sailei bilerak eskatuko dizkietela gatazka hau konpondu arte", azaldu du ELAko sei ordezkarik eta LABeko hiruk osatzen duten enpresa batzordeak, ohar batean. Testuinguru horretan, otsailaren 11n bilera bat izango dute Enplegua Sustatzeko, Ogasuneko, Finantzetako eta Aurrekontuetako diputatuarekin eta Ekonomiaren Garapeneko zuzendariarekin.

Altan Bernedoko enpresa batzordeko ordezkariak, Batzar Nagusietan. / @AltanEnLucha

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide