Milaka euroko isuna Altan Bernedori, grebaren ondorioz Osakidetzari botikak ez entregatzeagatik

Erredakzioa 2022ko urt. 25a, 13:45
Altan Bernedoko langileen elkarretaratzea eta agerraldia, Leizaola plazan. / Argazkia: ELA

Altan Bernedoko langileek 38 egun daramatzate greba mugagabean. Denbora horretan botikak ez entregatzeagatik, Osakidetzak 100.000 euroko zenbatekoa gaindi dezakeen isuna ezarri dio enpresari.

Astearte honetan, 11:00etatik 12:00etara, Altan Bernedo enpresako langile grebalariek Gasteizko Santiago ospitalearen parteko Leizaola plazaraino eraman dute protesta; eta hilaren 27an, ostegunean, beste agerraldi bat egingo dute Txagorritxu ospitalearen aurrean.

Izan ere, greba mugagabean 38 egun bete dituzte dagoeneko, plantillaren jarraipen zabalarekin azarotik: %100ekoa produkzioko, I+G+B, mantentze lanetako, biltegiko eta kalitate-kontroleko finkoen kasuan, eta behin behineko langileen artean ere badira greban dauden batzuk. Negoziazioetan, ordea, ez da aurrerapausorik lortu oraindik.

Are gehiago, grebak eta negoziazioen blokeoak ekoizpenean eragindako etenaldiaren ondorioz, Osakidetzak 100.000 eurotaraino irits daitekeen isuna ezarri dio enpresari, kontratuan hitzartutako botikak entregatu ez dituelako. Behin betiko zenbatekoa zehaztu ez duten arren, kopuru hori gaindi dezakeela ohartarazi dute sindikatuek.

"Zigorrak bai, gatazkari aterabidea ez"

Horren aurrean, enpresa batzordea —ELAko sei ordezkari eta LABeko hiru— eta greban dauden langileak nabarmen haserre agertu dira prentsaren aurrean: "Lan baldintzak hobetzeko greba medio, enpresak ezin izan dizkio Osakidetzari hornitu horrek eskatutako botikak, eta isun handi bat jaso du baldintza agiriak bete ez dituelako. Beraz, enpresa kontratuak ez betetzeko eta zigorrak jasotzeko prest dago, baina ez gatazkari aterabide bat emateko", kritikatu dute.

Gaurko prentsaurrekoan gogora ekarri dutenez, Altan Bernedo enpresako langileek pandemia betean ere ez dute etenik egin: "Gogotik saiatu dira, baina enpresak ez du nahi hori lan baldintzetan islatzerik nahi. Grebak aurrera jarraitzen du, eta sendagaiak eskas izan litezke enpresa tematuta dagoelako, ez duelako negoziazio seriorik egin nahi; enpresak aurre egin diezaieke grebalarien eskariei".

Azkenik, "borrokari eutsi" egingo diotela ohartarazi dute, "harik eta enpresa ituna KPIren araberako igoerak jasoko dituen hitzarmen bihurtu arte". Izan ere, ez dute ontzat emango "lan baldintzak okertzerik, ezta kimikako estatuko hitzarmena ere, egoera okertu besterik ez baitu egiten".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide