Hiru greba egun Altan Bernedon, soldata igoera eta lanaldiari eustea eskatzeko

Erredakzioa 2021ko aza. 5a, 11:05

Lehen greba eguneko mobilizazioa, Bernedoko plazan. / MENDIALDEA.info

Altan Bernedoko langileek hitzarmen propioaren aldeko hiru greba egun deitu dituzte: lehenengoa ostegun honetan egin dute, eta hilaren 9an eta 11n kalera itzuliko dira. Besteak beste, KPIren araberako soldata igoera eta lanaldiari eustea eskatzen dute.

Farmazia industriaren sektorean diharduen lantegia da Altan Bernedo. Arabako Mendialdean kokatuta dago, Bernedon, eta Altan Pharmaceuticals taldearen parte da; orain Ethypharm taldeak erosi du. 2019an Biomendiko enpresa ituna amaitu zenetik —orduan bihurtu zen Altan Bernedo—, enpresa batzordea hainbat bilera egiten saiatu da zuzendaritzarekin, 150 langileentzat —gehienak emakumeak— enpresa hitzarmena lortzeko helburuarekin.

ELA eta LAB sindikatuen arabera, enpresak "jarrera gogortu du, eta baldintzak okertzea baino ez du proposatzen". Azaldu dutenez, sozietate taldeak integratzeko prozesuak iraun duen epe horretan, langileek ez dute inolako soldata igoerarik izan; "eta kontuan izan behar da soldata prekarioak izan dituztela abiapuntu", ohartarazi dute.

Gainera, Covid-19aren garaian, lan gogorra egin dute Altan Bernedoko langileek. Beste sektoreetan ez bezala, ekoizpena handitu egin da, baina sindikatuek salatu dute enpresak ez duela areagotze hori konpentsatu nahi izan. Hitzarmenaren negoziazioetan, enpresak ez du KPIaren araberako soldata igoerarik aurreikusi: "Proposatu duen gauza bakarra da produkzioaren eta absentismorik ezaren mende dauden igoerak; igoera horiek plantilla kaltetzeko beste modu bat baino ez dira", diote sindikatuek.

Horrez gain, zuzendaritzak hiru lanaldi gehiago egiteko eskatu die langileei, aplikazio subsidiarioa duen Kimiken Estatuko Hitzarmeneko lanaldira egokitzeko. "Enpresak bajen osagarriak kendu nahi ditu ideia horrekin. Hori guztia ekoizpen handiagoa, lantegian presentzia handiagoa eta irabazi handiagoak nahi dituztelako, eta azken urteetako enpresa itunetan hobetutako eskubideak ukatu nahi dituztelako, itun horren aurrera-eragina amaitzear baita", salatu du enpresa batzordeak.

Hitzarmen berria

Hortaz, langileek eta enpresa batzordeak —ELAko sei ordezkarik eta LABeko hiruk osatuta— "aski dela" ohartarazi dute. Azaroan zehar, hiru greba deialdi egin dituzte —lehena atzo, azaroaren 4an, eta beste biak hilaren 9an eta 11n—, enpresa hitzarmen berrirako edukiak defendatzeko. Besteak beste, Estatuko Kimika Hitzarmenetik ateratzea eta KPIa kontuan izatea nahi dute.

"Ez dugu baldintza zein lanaldia okertzea onartuko, gure eskubideak finkatu nahi ditugu", adierazi dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago