MENDIALDEA PRESS

Mendialdeko arimaz idazteko, duintasuna

Juanma Gallego 2022ko urt. 23a, 06:00

Oskar Anzuola, 'Mendialdea Press' aldizkariko zuzendaria. ALEA

Ehun zenbakien langa igaro du Mendialdea Press aldizkariak, 28 urtez eskualdeko bizilagunek eskura izan duten gertuko hedabidea. Batez ere Oskar Anzuola dago proiektuaren atzean, eta urte hauetan guztietan aldizkaria "alaba baten parekoa" izan dela aitortu du. Orain, harago joan nahi dute. 

Ez, inolaz ere. Ez legoke ondo kazetaritzaren barruko arazoak eta penak kontatzen hastea, irakurleak nahikoa izango duelako bere arazo propioak kudeatzearekin. Baina informazioa oinarrizko eskubide bat den heinean, ogibidetik harago doan kontua da hau. Bai, irakurle fina, janari azkarra dagoen modu berdinean, kazetaritza azkarra ere badago; gero eta zabalduagoa, gainera.

Atentzioaren supermerkatuan albisteak ordu gutxitan zaharkituak geratzen diren garaiotan, informazioa pote txikian eta herriko azokan saltzea erronka handia izan daiteke komunikazioaren artisauentzat. Formatu honetan aritzen den proiektua da Mendialdea Press aldizkaria, eta, pixkanaka, zarata larregi sortu gabe, ehun zenbakien langa igaro du.

Astearte goiz batean Kanpezuko Iturrienea jatetxearen goiko pisuan jarri du hitzordua proiektuaren arduradun Oskar Anzuolak. Jakina da testuingurua aintzat hartzekoa dela, eta, egia esanda, hitzorduaren kokalekuari ere gertutasuna dario. Ondo ezagutzen du hori zen den Anzuolak, urte luzez eskualdeko bazter guztiak miatu dituelako. Eta topatu dituenak, harentzako gorde beharrean, idatziz jaso ditu, informazio hori eskualdeko herritarren esku jarrita. Pertsona horien ariman ere kuxkuxeatu du sarritan, horixe baita gertuko kazetaritzaren abiapuntuetako bat.

Aitortu beharra dago hau sarrera erromantiko samarra dela, baina gauzak ez dira beti hain bukolikoak. "Hemen botak jarri behar dituzu, eta istorioen bila abiatu", ohartarazi du kazetariak. Bai, botak, zentzu literalean. "Landa eremuan, halabeharrez moldakorra izan behar duzu, gauza askotarako balio behar duzu". Horrelako kazetaritza ogibide bilakatzea ere bada erronka galanta. "Den-dena egin beharra dago: gaiak bilatu, idatzi, publizitatea landu, lan komertziala egin, instituzioekin negoziatu...". 

Anzuolak esku artean ditu atera dituzten azken bi alabak, haren hitzei jarraituz: 100. eta 101. zenbakiak, hain justu. Joan den udako zenbakian iritsi ziren urteurren borobilera, eta urteurrena baliatu zuten azalera gai garrantzitsu bat eramateko: emakume kirolariak, bereziki kirol minoritarioetan aritzen direnak. Azken zenbakian, berriz, kontzejuetarako hauteskundeei eman diete protagonismoa. "Ez da lan samurra izan", onartu du kazetariak. Kuadrillan 39 batzar administratibo daude, eta guztiak jaso ditugu. Dioenez, askotan produktu bat aurrean izatean ez da aise ikusten horren atzean dagoen esfortzua. "Begira, orain di-da batean pasa dudan orri hau idazteko, bederatzi lagunekin kontaktatu eta hitz egin behar izan dut".

Komunikazio jasangarria

1993an jaio zen aldizkaria, eta, dibulgazioaren alorrean bederen, bertan aipatzen da, aurrenekoz, Mendialdea kontzeptua. Garai horretan, jende gehienak kontzeptu hori erabiltzen ez zuela azaldu du Anzuolak. Formatu horretako aldizkari gisa ere Araban aitzindaria izan dela nabarmendu nahi izan du.

Lehen urte horietan, Anzuolarekin batera Kepa Ortiz de Urbina ibili zen, eta aldizkariaren ibilbidearen erdian edo, bera ere buru-belarri ibili zen proiektuan; baina gero beste zeregin batzuk hartu zituen. Ondoren, Natouring, Turismo, Komunikazioa eta Ingurumena enpresa proiektuaren barruan sartu zen aldizkaria. Anzuolarekin batera, Iñaki Martinez Navarro eta Javier Lopez de Luzuriaga daude, hurrenez hurren, turismoaren eta ingurumenaren alorrean aritzen direnak. Beraien alboan dago ere Joseba Abaitua filologoa.

Jardun hauek guztiek abiapuntu komuna dutela azpimarratu nahi izan du kazetariak: jasangarritasuna. Terminoa ezaguna da ingurumenean, bai eta turismoaren kudeaketan ere. Alabaina, Anzuolak uste du komunikazioa modu jasangarrian egin daitekeela, eta horrela landu behar dela ere. Nolatan ba? "Komunikazioa adeitsua izan behar da, gertukoa, eta jendearengana iristen dena". Mendialdea Presseko arduradunaren esanetan, gauzak horrela egitea ez da losintxatan ibiltzea, zintzotasunetik jardutea baizik. Copy-paste-an oinarritutako kazetaritza azkarraren aurrean, "benetakotasuna" aldarrikatu du.

"Komunikazioa adeitsua izan behar da, gertukoa, eta jendearengana iristen dena". OSKAR ANZUOLA

Urte hauetan guztietan mantendu da proiektua, bitan izan ezik: 2010. eta 2011. urteetan. Krisiaren puntu gorenean, aurrekontu publikoetan beherakada handia egon zen, eta, gauzak horrela, proiektuari eustea ezinezkoa egin zitzaien. Pixkanaka, burua ateratzea lortu zuten.

Erakunde publikoen laguntza ezinbestekoa izanda ere, kazetariak azpimarratu nahi izan du aldizkaria ez dela proiektu instituzional bat, inondik inora. "Hau eskualdearen aldizkaria da, zuzendaritza bat duena, eta instituzio publikoen laguntza duena".  Gainerako finantziazioa publizitateari esker eskuratzen dute, eta baita harpidetzeei esker ere. Diru sarrera horiek lortzeko, beste behin, botak jarri eta kalera atera beharra dago. "Titiritero lanetan ibili behar duzu", dio Anzuolak, aurpegian irribarre bat duela.

Oreka landu

Horrez gain, eskualdea osatzen duten sei udalerrien artean oreka bat mantendu beharra dago. Baita gaien artean ere. Bada, Arabako ALEA egunerokoan Gasteizko zulo beltz supermasiboaren grabitazio indarra konpentsatzen saiatzen den modu berdinean, Mendialdean antzeko zerbait gertatzen zaie Kanpezurekin. "Kanpezuk badu ere hiriburuaren sindrome hori. Hau herri bat da, noski, baina gainerako Mendialdearen aldean, udalerri populatuena da, eta informazio askoz gehiago sortzen du".

Istorioak bilatzeko lan horretan, harribitxi politak aurkitu ditu. "Eta, bereziki, jende interesgarria", erantsi du. "Azken zenbakian, adibidez, Isabel Mellen elkarrizketatu dugu. Izugarrizko lana egin du Erdi Aroan emakumeek izan zuten eragina azalarazteko". Burura datorkion beste lagun bat Jesus Markinez da, urte luzetan zehar eskualdearen inguruko informazio etnografiko izugarri handia bildu duena. "Oro har, asko dakien eta irakasteko asko duen jendearen alboan egoten asko disfrutatzen dut".

Istorio horiek erroldatuta dauden auzokide guztiei iristen zaizkie, batzar administratiboen laguntzarekin. "Egia esanda, banaketa egiten dugun egunetan poz gehien hartu ohi dugu, jende asko horren zain dagoelako".

Gertuko komunikazioan sakontzeko, etorkizunari begira egunerokoan berrituko den atari digital batekin osatu nahiko lukete. Momentuz, mendialdea.info webgunea probaleku gisa erabiltzen dute, baina noizean behin baino ez dute gaurkotzen. Horretarako, baina, instituzioen laguntza handiagoa izan beharko da. Informazio horren beharra argi ikusten du. "Erakunde publikoek haien webguneetan agenda hitzorduak eta horrelakoak jartzen dituzte, baina hori ez da komunikazioa". Udal politiketan komunikazioa oso gutxietsita dagoela dio. "Beste zenbait arlorekin alderatura, komunikazioa errauskine baten parekoa da. Ez zaio aitortzen duen balio estrategikoa". Puntu honetara iritsita, kazetariak ogibidearen aldarrikapen bat egin nahi izan du. "Orain ematen du jende guztiak duela kazetari bat. Baina argazki bat sareetan jartze soilak ez du ordezkatzen komunikazio profesionala, ezta alkate batek noizean behin Gasteizko kazetari batekin hitz egitea ere". 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago