Erromanikoa, Arabako damen eskutik sortua

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2021ko abu. 15a, 08:00

Isabel Mellen ikertzaileak emakumeen presentzia aztertu du Arabako tenplu erromanikoetan. E.U.

'Tierra de Damas' liburua kaleratzeko prest du Isabel Mellen ikertzaileak. Erdi Aroko Arabako eliza erromanikoen ikonografiaren azterketa egin du, generoaren ikuspuntutik. Tenpluen eraikuntzan Arabako emakumezko nobleen mezenasgoak izan zuen garrantzia berreskuratu du.

Alaitzako margoetan emakume bat kukubilko erditzen agertzen da, hanken artean umea ageri den bitartean. Buruko zapia daramaten hainbat andra ere ikusten dira tenpluan margoturik, elizara sartzen prozesioan, hileta erritu batean. Beste irudi batean, dama batzuk etxe batera doaz jaiotza bat ospatzera. Hala ere, margoen inguruan gailendu diren interpretazioetan, erditzearen ordez, deabru bat kaka egiten ari dela esan izan ohi da edo gizon exhibizionista bat dela. Emakumezkoek margo horietan duten protagonismoa ere ez da jaso, eta, are gehiago, kasu bakarrean esan dute emakume bat dagoela Alaitzan: ohean etzanik dagoen pertsona bat erasotzen duten margo batean, bortxaketa batean hain zuen.

"Erromanikoari buruz egin diren irakurketak oso misoginoak dira"

"Ikaragarria da gure garaian emakumeen kontrako indarkeria nola dugun barneratuta; automatikoki norbaitek ikusi zuen irudi hori eta esan zuen: bortxaketa!; eta ez dago batere argi ohean etzanda dagoen pertsona hori emakumea denik, ez du buruko zapirik eramaten, irudia ez da batere argia, baina emakume bat ikusi dute margo batean eta txarrerako da, bortxaketa ikusi dute. Hor konturatzen zara benetan zer botere duten estereotipoek". Isabel Mellen ikertzaileak Arabako tenplu erromanikoen eraikuntzan Erdi Aroko emakume nobleek jokatu zuten oinarrizko papera aztertu du, eta eliza horietako ikonografiak testuinguru horretan kokatu ditu. "XII. mendeko Arabako emakumezko eta gizonezko nobleen botere eremuen argazkia utzi digute Alaitzan, genero rolen banaketa argia: gizonak gerran eta emakumeak elizak eta etxeak gobernatzen. Zaldunak gora eta zaldunak behera, baina inork ez al du ikusi damak ere gauzak egiten agertzen direla?", galdetu du.

Miñaogutxiko elizaren leihatean dagoen dama baten irudia. PHOT.OK

Ikonografiaren berrikuspena

Tierra de Damas, las mujeres en el románico alavés liburuan argitaratuko du aurki Mellenek, Arabako Diputazioaren Berdintasun sailaren babesarekin, Alaitzako eta herrialdeko beste tenpluen ikonografien inguruko ikerketa eta berrikuspena. "Espainian egiten den lehen ikerketa da emakumeek erromanikoan duten rola berreskuratzen duena, eta, gainera, emakumeen ikonografiari buruz hain finkatuta ditugun ideia misogino guztiak zalantzan jarriz". Ikertzaileak azaldu duenez, ez dago Erdi Aroari buruzko ikerketarik, modu kritikoan, emakumeek erromanikoan duten irudia azaltzeko. "Misoginia putzu bat da erromanikoari buruz egin den irakurketa. Erdi Aroa Elizak besteen gainetik agintzen zuen garai erabat teozentrikoa zela pentsatzen dugu, baina XIX. mendetik jasotako aurreiritziak dira batez ere. Horregatik, eliza batean emakume bat agertzen den bakoitzean bekatua da, bekatua, gaitza, lizunkeria, gauza matxista sorta bat".

"Elizen eraikuntza estrategia politiko jakin baten baitan egin zuten"

Erromaniko "erotikoa" edo "lizuna" deritzotena da begirada matxista horren adibiderik gorena, "emakumea kriminalizatzen da edo desioaren objektu bezala interpretatzen da". Hala, Armentiako alua, Toberako koitoa edo sexu-organoak erakusten dituzten Añuako elizako irudiak ugalkortasunarekin beharrean lizunkeriarekin identifikatu dira, kontuan hartu gabe koitoak eta amodiozko irudiak, non gizon-emakumeak elkar musukatu eta pasioarekin ferekatzen diren, ohikoak direla Erdi Aroko nobleziaren begietara. Garaiko sexu arauak beste batzuk dira."Erromanikoaren ikonografiari buruz ez dago idatzizko informaziorik orain arte esandakoa kontrastatzeko; eta benetako astakeriak esan izan dira. Kontatu digutena, iritsi zaiguna, batez ere ilustratuek asmatu zuten, eta ilustratuak gizon zuriak, aberatsak eta boteredunak dira. Nahiko erraz zabaldu zuten beren mezua, eta, gainera, ezagutza ilustratuaren ideiarekin hainbat diziplina sortu zituzten; horietan beren ideologia sartu zuten, ideia misoginoak jaun eta jabe".

Eliza pribatuen garrantzia

Halaber, Mellenek nabarmendu duenez, eraikin erlijiosoak aztertzeko orduan, arazo nagusia da pentsatzea Elizak eraiki eta kontrolatu zituela eta monjeek emakumeei buruz zuten ikuspegi misoginoa txertatu zutela horietan. Alta, dama nobleak dira elizak eraiki zituztenak, eta Arabako kasuan gainera emakume nobleek funtsezko eginkizuna bete zuten herrialdeko erromanikoaren sorreran. Tenplu horietako mezenas eta sustatzaileak dira, hau da, obrak enkargatu eta ordaindu zituzten, eta halere, elizetan beren sozializazio eta botere guneak finkatu zituzten, kudeaketa zeramaten eta bertan lurperatzen ziren.

Hala, XI. eta XII. mendeetan eta XIII. mendearen lehen erdian eraikitako elizetan emakumezkoek izan zuten protagonismo horren ondorioz, eraikin horiek apaintzen dituen ikonografia Erdi Aroko emakumeen nahiagatik jarri zen hor, "eta haien beldurrak, kosmobisioa, itxaropenak eta boterea kontatzen dizkigute".

Testuingurua, beraz, emakume boteretsuen sarea da, beren familien boterea finkatzeko estrategia bezala tenplu pribatuak eraikitzen dituzten damak. "Araban eliza pribatuen gaia oso ondo ikusten da, erlijio-botereen guneak oso urrun daude eta tokiko nobleekin oso gaizki konpontzen dira. Oro har, Araban, tokiko familia nobleek izugarrizko boterea dute eta haien leinuaren eragina indartzeko tenpluak eraikitzen dituzte". Era berean, etekin ekonomikoagatik egiten dituzte tenpluak, errentak lortzeko. "Ez da dena fedeagatik eta erlijioagatik, erlijioaren parte bat ere badago, noski, baina, batez ere, beste helburu batzuekin sortzen dira, estrategia ekonomikoak atzean dituztelako".

Testuingurua eta garaia ondo aztertuz gero, erraza da ulertzea emakumeak bakarrik egon daitezkeela elizen eraikuntzaren atzean. Batetik, gizonezkoak gerrarako hezitzen dituztelako txikitatik, eta funtsean euren funtzioa hori da: "Egun osoa kanpoan ematen zuten, gerretan parte hartzen zuten, eta gehienak hil egiten ziren". Beraz, ez zien denbora askorik ematen ez beren lurraldea kudeatzeko, ez beren etxaldea gobernatzeko, ezta elizak eraikitzeko denborarik ere. Emakumeek, aldiz, nobleziaren eredu izateko hezitzen dituzte eta Erdi Aroan beren boterea erakusten dute, ez bakarrik erromanikoan, baita gotikoan ere, tenplu handien sorkuntzaren bidez.

"Erromanikoan funtsezkoak izan ziren Arabako Damak"

"Erdi Aroan elkartu ziren Araban garai hartako emakume boteretsuenak. Arabako familia nagusietako bat Haro da; Toda Lopez de Haro eta Maria Lopez de Haro ama-alabek Estibalizko komentua sortu zuten, Haroko beste dama batek, Berenguela Lopez de Harok, inauguratu zuen San Frantziskoko komentua; eta baditugu ere Maria Mendoza, Leonor de Guzman, Isabel Tellez eta Loreto Guzman, Aiala kantzilerraren emaztea".

Estibalizko eliza erromanikoa. PHOT.OK

Estibalizko damak, estrategia politikoak finkatzen

Horien artean Estibalizko komentuaren fundatzaileak, Toda eta Maria Lopez de Haro, nabarmendu dira. Batetik, XII. mendearen hasieran, Haro leinuak Arabako lurraldearen zati handi bat menderatzen duelako, eta bestetik arrastoa utzi dutelako, alegia dokumentuetan jasota dagoelako Estibaliz sortzeko arrazoia. Beste dama batzuen kasuan, berriz, ez dago dokumentaziorik, "garai horietan botererik ez duen jendea oso zaila delako dokumentu idatzietan agertzea".

Estibalizen bazen gotorleku bat leinu horretako gizonezko batzuek zenbait belaunalditan gobernatua. 1093 eta 1106 urteen artean, Lope Gonzalezek, Estibalizko tenenteak, Euskal Herri osoko lehen hiribildua sortu zuen inguru horretan: Villafranca de Estibaliz. Garai horretan ere Toda Lopez, Haro leinuko dama eta Lope Gonzalezen emaztea, Estibalizko eliza eraikitzen hasten da, Clunyko ordenaren monasterio beneditar bat sortzeko asmoz. Izan ere, Haro familiak zerbitzatzen zuen errege-erreginak Clunyko ordenaren eragina zabaltzen saiatzen ari ziren. Beraz, ordena horretako monasterio bat sortzen dute Lautadaren erdian, garai hartako boteregune oso garrantzitsua zen tokian, estrategia politiko zehatz baten barruan. "Argi ikusten da errege-erreginari koipea emateaz gainera, Haroko damaren helburua politikoa dela: monarkiaren boterea zabaltzea eta, bide batez, bere leinuaren eta bere senarraren eragina indartzea".

"Sarritan emakumea kriminalizatzen da edo desioaren objektu bezala interpretatzen da"

Bada, artearen alorrean ere Estibalizko komentuaren sorkuntzak arrasto izugarria utzi zuen herrialde osoan. Mellenek hala egiaztatu ahal izan du. "Bi emakume horiek Estibaliz sortzea erabakitzen dute, eta, horrek izugarrizko oihartzuna du familiaren eragin-esparruan, eta beren ahaide guztiak gauza bera egiten hasten dira". Hartara, Estibalizko erreplika asko ditugu hain justu familia horren eragin esparruetan: Trebiñun, Lautadan, Bizkaian eta baita Errioxako zati batean ere. "Argandoñako pordata dugu, adibidez, Arkaia neurri txikiagoan, Oto Goien, Galarreta, Trebiñuko San Vicentejo".

Elizaren eraikuntza, beraz, politika kontua da, eta tenpluetan ikusten dugun ikonografiak ez du erlijioarekin zerikusirik, boterearekin baizik. Hala, Estibalizko ikonografia Frantziako Borgoinaren ikonografiaren berdin-berdina da, Clunyren ama-etxea bertan baitago. "Dena estrategia politiko bat da".

Tuestako elizako portada. PHOT.OK

"Nire elizan zaude"

Arabako emakume nobleek Erdi Aroan zuten protagonismoa islatzen duten hiru tenplu nabarmendu ditu Isabel Mellenek, Estibalizekoaz gainera. Tuesta da bat, hain zuzen elizako portadan, eskultura ugariren artean, erlaitzaren erdi-erdian emakume baten aurpegia agertzen delako, ustez tenplua eraiki zuen emakumearena. "Aingeruz inguratuta dago hori, eta portada horren protagonista da. Hor dago, esanez bezala: nire elizara sartzera zoaz eta ikusiko duzun lehenengo gauza nire keinua izango da".

Miñaogutxiko elizan, berriz, bi dama agertzen dira leihate batean. Haietako bat emakume zahar bat dela dirudi, zimur batzuk ditu, eta emakume aurpegi zaharxeagoa du; bestea neska gazte ezkonberri bat dirudi. Biek burukoa daramate. "Erraza da imajinatzea ama eta alaba eliza elkarrekin sortzen. Ez dakigu nork sortu zuen, baina ez da kasualitatea nobleen hainbeste aurpegi ikustea".

Hirugarren tenplua Alaitza da. Bertako margoak emakumeak existituko ez balira bezala aztertzen saiatu badira ere, begibistakoa da damak Erdi Aroko protagonistak izan direla.

*Argazkiak: PHOT.OK

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago