Bosgarren greba eguna egin zuten atzo Altan Bernedoko langileek, eta hilaren 23an eta 25ean berriro joko dute mobilizazioetara. Egoera ikusita, enpresako zuzendaritzari orain "fitxa mugitzea" dagokiola esan du ELA sindikatuak.
Ohar batean, ELAk "historikotzat" jo du lan hitzarmen propio batean alde orain arte egindako lana, egunetakoak enpresaren historian izandako egun osoko grebak izan direlako. Sindikatuaren arabera, grebaren lehen hiru egunetan langileek "masiboki" bat egin dute grebarekin; produkzio plantilla finkoko langileen kasuan, guztiek greba egin dutela azpimarratu dute.
Enpresa hitzarmen propioa eskatzeaz gain, grebaren helburuak dira KPIaren araberako soldata igoerak lortzea eta lanaldiari eustea. Langileek beldurra galdu dutela dio sindikatuak. Aldiz, "enpresak lana prekarizatzen jarraitzen du, eta urte horietan plantillak egindako ahalegina ez du aintzat hartzen".
Farmazia industriaren sektorean diharduen lantegia da Altan Bernedo. Arabako Mendialdean kokatuta dago, Bernedon, eta Altan Pharmaceuticals taldearen parte da; orain Ethypharm taldeak erosi du. 2019an Biomendiko enpresa ituna amaitu zenetik enpresa batzordea hainbat bilera egiten saiatu da zuzendaritzarekin, 150 langileentzat —gehienak emakumeak— enpresa hitzarmena lortzeko helburuarekin.