24.000 sinadura inguru bildu dituzte Arabako proiektu eolikoen aurka

Erredakzioa 2021ko eka. 28a, 12:50
Azazetako proiektu eolikoaren aurkako alegazioak aurkeztu dituzte gaur. / MENDIAK ASKE

Arabako Mendiak Aske plataformak Azazetako zentral eolikoaren aurkako alegazioak aurkeztu ditu, eta dagoeneko 23.833 sinadura bildu ditu Arkamu, Azazeta, Iturrieta eta Labrazako lau proiektuen aurka.

Gure lurraldeko mendietan proiektatutako zentral eolikoen aurkako kanpainarekin aurrera jarraitzen du Arabako Mendiak Aske plataformak. Arkamu, Iturrieta eta Labrazako proiektuen aurka maiatzean aurkeztutako alegazioen lehen olatuari, Azazetako proiektuaren aurka astelehen honetan Zuzenean zerbitzuaren Gasteizko bulegoetan aurkeztutakoak gehitu behar zaizkie.

Dagoeneko 23.833 sinadura bildu dituzte Iberdrolak eta Eusko Jaurlaritzako Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) osatutako Aixeindar sozietate publiko-pribatuaren lau proiektu horien kontra; une honetan, izapidetze fasean daude laurak. Gainera, 50 kontzejuetako administrazio batzarrak eta hamar udal baino gehiago agertu dira proiektuen kontra.

Abian diren zentral eolikoen izapideak "berehala eta erabat geldiaraztea" eskatu du Mendiak Askek, baita Arabako mendiak zeregin horretarako bazterketa-eremu izendatzea. Azken hilabeteetan egin bezala, gaurko ekimenean ere, "Arabako mendien industrializazioa eta pribatizazioa" zein kokaleku horiek arautzeko plan sektorialik ez dagoela salatu dute. Plataformarentzat, proiektu horiek "onartezinak" dira, eta "lurraldetik kanpoko enpresen energia sortzeko eta kudeatzeko eredu zaharkitua" jarraitzen dute.

"Gizarteak gero eta kezka handiagoa du natura balio handiko kordal horien etorkizunaren inguruan, eta horrek adierazten du behar-beharrezkoa dela azpiegitura gris mota horiek espazio horietatik kanpo uztea", adierazi du plataformak. "Azpiegitura horiek jartzeak habitata degradatzea eta biodibertsitate berreskuraezina galtzea ekarriko luke, eta horren lekuko dira Aldundiko ingurumen teknikarien txostenak. Natura ondare horren biziraupena ezinbestekoa da lurraldean bizitza mantentzeko".

Energiaren sorkuntza banatua

Arabako Mendiak Askeren ustez, "lurraldearen kohesioa eta subiranotasuna ezin zaizkie oparitu nazioz gaindiko enpresei, landa eremuetako bizitzaren kaltetan eta energia dirua irabazteko soilik erabiltzen duten oligopolio horien mesedetan". Horren aurrean, energiaren sorkuntza banatua, haren kudeaketa soziala eta "dagoeneko ingurumenaren aldetik degradatuta dauden zein antropizatuta dauden espazioetan kokatzea" defendatu du plataformak.

Sei mendi martxa

Alegazio berriak aurkeztearekin batera, Mendiak Aske Arabako herritarrak animatu ditu "natura ondarea premiaz babesteko lanean jarrai dezaten". Ildo horretan, uda honetarako Babestu maite duzun mendia lelopean antolatu dituzten mendi martxetan parte hartzeko gonbidapena luzatu dute. Guztira, sei martxa egingo dira proiektu eolikoen eraginpeko mendietara; horietako lehena uztailaren 3an izango da, Iturrietako Mendietara.

Kanpainari amaiera eman eta proiektu eolikoen aurkako indarrak batzeko, urriaren 23rako manifestazioa antolatu dute Gasteizen.

"Zentsura"

Bestalde, plataformak "zentsura" egitea leporatu dio Aldundiari: "Langileak bidaltzen ditu gure mendiak babesteko informazio kartelen edo pankarten aztarnak kentzera. Proiektu horien ondorioei buruzko informazio faltaren aurrean, agintari sustatzaileek errealitatea desitxuratzen duten mezu errazak bidali nahi dituzte, beren botere posizioetatik, erantzun soziala haien alde baldintzatzeko".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide