Proiektu eolikoen eraginpeko mendietara sei martxa antolatu ditu Mendiak Askek

Erredakzioa 2021ko eka. 23a, 12:00

San Juan mendatea, Iturrietako Mendietako proiektu eolikoaren kokalekua. / MENDIKAT.net

Arabako Mendiak Aske plataformak sei ibilbide herrikoi antolatuko ditu uztailaren 3tik urrira bitartean, Babestu maite duzun mendia dinamikaren barruan. Indarrak batu nahi dituzte urriaren 23rako Gasteizen deitutako manifestaziora begira.

Uztailaren 3an hasi eta urrira bitartean, sei ibilbide herrikoi proiektu eolikoek eragindako eremuetara; eta urriaren 23an, manifestazio handi bat Gasteizen. Bi horiek dira Arabako Mendiak Aske plataformak datozen hilabeteetarako planteatu dituen ekimen nagusiak, lurraldeko mendietan eraiki nahi diren zentral eolikoen proiektuen aurkako Babestu maite duzun mendia dinamikaren barruan.

Oraingoz, sei proiektu eoliko daude martxan —fase batean edo bestean— Arabako mendietan, Iberdrolak eta Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) osatutako Aixeindar sozietate publiko-pribatuaren zein hainbat enpresa pribaturen eskutik. Kokaleku horietako bakoitzera ibilaldi bat antolatu dute. Zertarako? "Sakrifikatu nahi den ondarearen balio naturala, paisajistikoa eta kulturala nabarmendu eta bertatik bertara ezagutarazteko", azaldu du plataformak.

Sei martxa eta manifestazio bat

Ibilbide guztiak larunbat goizean egingo dira, udan eta udazkenean zehar. Martxa bakoitzarekin batera, ibilaldian zehar, ezusteko hainbat jarduera kultural eta ludiko egingo dira, aldarrikapena eta jai giroa uztartzeko asmoz. Martxa batetik bestera, gainera, makila bat eramango dute; Korrikaren lekukoaren antzera, plataformak babestu nahi dituen sei kokalekuak lotuko ditu.

Honako hauek dira ibilbide bakoitzaren deialdirako aukeratu dituzten datak. Datak hurbiltzen diren heinean emango dituzte ibilbide bakoitzari buruzko xehetasunak, abiapuntuak eta ordutegiak jakinarazteko:

  • Uztailak 3: Iturrietako Mendiak
  • Uztailak 24: Arkamu
  • Abuztuak 14: Labraza
  • Irailak 11: Azazeta
  • Irailak 25: Cantoblanco
  • Urriak 16: Arlaban

Sei martxa horien ostean, herrialde osoko indarrak batu nahi dituzte, eta, horretarako, manifestazio bat deitu dute hiriburuan, Gasteizen, urriaren 23rako. Makila bertan izango da ere.

Ekimenaren kartela, Ania Saenz de Buruaga artistarekin elkarlanean sortutakoa.

 

Lehen martxa: Iturrietako Mendiak

Uztailaren 3an izango da lehen martxa, Iturrietako Mendietara. Bi ibilbide izango ditu, 9:30ean bi abiapuntu izango direlako: horietako bat Lautadako Egileor herritik irtengo da, eta 8 kilometroko ibilbidea egingo du (500 metroko desnibelarekin); bestea, ordea, Mendialdeko Haraneko Santa Teodosia ermitatik abiatuko da, eta 12 kilometroko ibilbidea egingo du (200 metroko desnibelarekin).

Bi ibilbideek San Juan mendatearen erdialdean egingo dute bat (1.025 metroko altueran), 11:30ak aldera. Hain zuzen ere, bertan kokatzekoa da Iturrietako Mendietako zentral eolikoa. 12:00etan, ekitaldi batekin emango diote amaiera lehen martxa honi.

Azazetako proiektuaren aurkako alegazioak

Arkamu, Iturrieta eta Labrazako proiektuen aurka 22.751 alegazio bildu ostean, Azazetako proiektuaren aurka bildutakoak datorren ekainaren 28an entregatuko dituzte, 11:00etan Zuzenean zerbitzuko bulegoetan, Gasteizen.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago