Sei mende baino gehiagoko historia ospatu du Aguraingo azokak

Erredakzioa 2025eko urriaren 7a

Aguraingo Nekazaritza eta Abeltzaintza Azoka historikoa urriaren lehen igandearen ondorengo asteartean ospatzen da urtero, eta beste behin milaka abeltzain, nekazari, artisau eta bisitari bildu ditu.

*Argazkiak: PHOT.OK

Aguraingo hitzordua Euskal Herriko zaharrenetakoa da. Gaztelako Enrike IIIak 1395ean emandako pribilegioan du jatorria, Agurainek abereen eta nekazaritzako produktuen merkatua antolatzeko errege-baimena jaso zuenean. 630 urte geroago, azokaren izaera mantendu dute: Arabako landa eremuaren aberastasuna erakutsi eta lehen sektorearen balioa aldarrikatu.

Aurtengo egitarauak 11:00etatik 15:00etara bildu ditu jarduera nagusiak. Gehien espero ziren ekintzen artean daude Euskal Herriko Mendiko Zaldi Arrazako Zaldi Aziendaren XVI. Lehiaketa Morfologikoa eta bertako ekoizleen kalitatea eta teknika saritzen dituen Artzain Gazten XXXIX. Lehiaketa Probintziala.

Gainera, behi, ardi eta ahuntz azienden erakusketaz, nekazaritzako makineriaren erakusketaz, artisautza postuez, produktu gastronomikoez eta landa produktuez gozatu ahal izan da, gazta, hestebete, ezti, ogi eta gozoki tradizionalekin.

Aguraingo Udalak eta abeltzain elkarteek azpimarratu dutenez, azokak tradizio historiko bati eusteaz gain, tokiko ekoizleei babesa eta ikusgarritasuna emateko plataforma gisa ere jarduten du.

Egunean zehar, alde zaharreko kaleak girotu ditu Aguraingo Musika Eskolaren kalejirak eta trikitilarien emanaldiak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago