Sarien arrastoa igarota, eguneroko beharrekin jarraitzen dute La Leze gaztandegian. Tarte txiki batez denda itxi dute, enkargu berriek itota, gaztak egiten jarraitu ahal izateko. Lanen artean, negurako ukuilua prestatzen dabil Arkaitz Jauregi (Ilarduia, 1985), Eli eta Joxe Mariren semea.
Zer esanahi dauka gazta txapelketa nagusian irabazteak?
Berez, Euskal Herriko txapelketak behar luke garrantzitsuena, baina egia da Ordiziako txapelketak duela oihartzun handiena. 2022ra arte, hau zen falta zitzaigun txapela. Arabako hainbat txapel genituen, Euskal Herrikoak ere bai, baina hau falta zitzaigun. Eta, egia esan, berriz ere irabazteagatik oso pozik. Halakoekin konturatzen zara egiten ari zaren lana ondo egiten ari zarela.
Lan askoren emaitza, ezta?
Emaitzetako bat, bai. Guretzat emaitza nagusia betiko bezeroak etortzen ikustea da. Eta, egia esan, lan asko dago atzetik, bai.
Zure kasuan, batez ere ardiekin?
Aita, ama eta hirurok egiten dugu lan baserrian. Engranatutako mekanismo baten moduan funtzionatzen du; nahiz eta denok dakigun denon lana egiten, bakoitzak badaki zer lan duen, eta ahalik eta hobekien saiatzen da hori egiten, guztion artean atera ahal izateko gazta hori. Batez ere, ama arduratzen da gazta egin eta zaintzeaz. Beti laguntzen diogu, baina aita eta biok ardiekin ibili ohi gara. Duela bost bat aste, esate baterako, ardiak antzutu genituen, eta handik gutxira mendira bidali genituen. Garrantzitsua da beraientzako ere deskantsu bat hartzea, eta baita mendiarentzako ere, egiten duten onura handia delako. Orain guk ardiekin ez daukagu hainbeste lan, eta beste zeregin batzuetan gabiltza; gaztak prestatzen; ukuiluak garbitzen, negurako prest izan daitezen; soroak ereiten, hurrengo udaberrian belarra izateko...
Zenbat ardi dituzue?
Sasi ardiak ere kontuan hartuta, 500 pasa...
Eta artaldea handitzen jarraitzeko asmotan?
Handitzeko baino, igual txikitzeko. Iaz ukuilua berritu genuen, leku gehiago eman genien ardiei, beraiek ere erosoago egoteko, eta horrek esan nahi du, noski, leku berean ardi gutxiago sartzen direla. Guretzako garrantzitsuena beraiek ahalik eta hobekien egotea da, beraiek ematen diguten esne hori ere ahalik eta onena izateko. Neurria hartu behar diozu lanari, eta ondo menderatzen duzun hori bilatu. Lan kiribil batean sartuz gero, gehiago saltzen duzulako gehiago produzitu, azkenean kolokan jartzen da egiten duzun gaztaren kalitatea.
"Uste dut bereizi behar direla gazta txuria eta gazta ketua txapelketetan"
Zer berezitasun ditu zuen gaztak?
Nik uste gazta zaporez nahiko uniformea dela. Kanpaina guztian ahalegintzen gara gazta konstante bat egiten, alegia, ondo prentsatutakoa, mozterakoan begirik izan ez dezan, eta baldin baditu uniformeak izan daitezen. Horretarako, saiatu behar gara esne oso garbiarekin lan egiten, eta atera daitezkeen lizunak kamaran kontrolatzen. Prozesuak ardia jeztetik gazta onduta dagoen arte irauten du, beraz, prozesu luzea da, eta gainean egon beharrekoa.
Txapelketari begira, gazta bat aukeratzea zaila izaten da?
Esango nuke ez dela zaila, jakinda txapelketa noiz den. Irailean baldin bada, ez duzu uztaileko bat aukeratuko, oso freskoa den bat ez duzu aukeratuko, gorputz pixka bat duen gazta bat baizik, zaporez ondutakoa edo erdi ondutako bat bilatuko duzu... Beraz, martxo erdialdetik apirileko lehen astera arteko gazten aukeraketa bat egin dezakezu. Suertatu zen amak epe horretako gazta batzuk gorde zituela, probatu genituen, eta, egia esan, dastaketa horretan familiako bakoitzak gazta bat aukeratu zuen, denak nahiko berdintsuak zirelako...
Ketutako gaztak denak?
Bai, dastatu genituenak ketutakoak ziren. Nik, egia esan, gazta jaterakoan nahiago dut gazta txuria, ketu gabekoa, baina hori nire iritzia da. Halere, uste dut txapelketetan bereizi beharko litzatekeela zer gazta eraman: gazta txuri txapelketa edo gazta ketu txapelketa. Nire ustez, txapelketa berean ezin dira ondo baloratu bi gazta ezberdin; askok esaten duten bezala, ketzea arte bat da, ados, baina ke puntu horrek beste Òabardura batzuk ematen dizkio gaztari. Ordiziako emaitzak ikusten badira, ikus daiteke urtez urte gehienbat gazta ketuek irabazi dutela, eta hori denok dakigu... Nire ustez, hori zehaztu beharko litzateke txapelketan, eta Ordizian hala nahi bada, gazta guztiak ketuta aurkeztu, eta, kontrakoa bada, txuriak. Zehaztu beharreko gai bat da, baina askok ez diote gai honi eskua sartu nahi, ez dakit zergatik...
Ekoiztutakoa salduta izango duzue dagoeneko...
Egia da halako txapelketek kristoren oihartzuna izaten dutela, eta jende asko etortzen dela gazta bila etxera. Saltzeko prest genuen gazta guztia saldu genuen, eta eskaerari ezin erantzun ibili ginen. Erabaki genuen tartetxo batez denda ixtea, lanean segi ahal izateko, berriro ere irekitzen dugunean bezeroei eskaini ahal izateko. Halere, betiko bezeroak zaindu behar dira, lehentasuna da, eta ahalegintzen gara beraientzako gordetzen, hurrengo ekoizpena hasi arte, gazta izan dezaten.
Betidanik argi izan duzu gurasoen ofizioa jarraitu behar zenuela?
Betidanik gustatu izan zait, bai. Ikasketak bukatu eta pare bat urte egon nintzen etxetik kanpo lanean, baina, betiere, tartea nuenean edo lana bukatzen nuenean baserrira etortzen nintzen, eta honekin laguntzen nien. Niretzat ez da bakarrik artzaintza, lekua eta bizimodua ere bada, dena da.
Atzetik badator belaunaldi gazte bat gaztagintzan eta artzaintzan dabilena, ezta?
Egon badago, baina ez pentsa handia denik. Eta, egia esan, gauzak geroz eta zailagoak jartzen ari zaizkigu. Bai burokrazia aldetik, eta baita prezioek uzten duten marjinak ikusita ere... Eta, azken batean, atzetik datozen belaunaldiek, eta baita nireak ere, geroz eta garrantzi handiagoa ematen diogu denborari, aisialdiari, eta hori lan honetan apenas dago. Hau bizitzeko modu bat da, eta ia eguneko ordu guztiak behar dituzu honetarako. Horri gehitzen baldin badiozu baldintzak ez direla onak, ba normalena da jarraitu nahi ez izatea.
Hirugarren aldiz jantzi du Ordiziako txapela La Lezek. Argazkia: GOIERRI IRRATI TELEBISTA