630. azokaren inguruan pilatuko dira Aguraingo jaiak, larunbat honetan bertan hasita, 19:00etan botako duten txupinazoarekin, baina algarak luze joko du, hurrengo asteburura arte luzatuko baitira, adin eta gustu guztietarako jarduera eta proposamenekin. Hilaren 7an —asteartean— izango da egun nagusia, noski, eta egun horren bueltan pilatuko da egitarauaren jarduerarik tradizionalena: abere azoka bera.
Goizeko hamaiketan emango diote hasiera egunari, orduan egingo baitute zaldien ohiko erakustaldi eta lehiaketa. Zehazki, Euskal Herriko mendiko zaldi arrazako Euskadiko zaldi-aziendaren XVI. lehiaketa morfologikoa izango da. Lehiaketatik kanpo egonda ere, behiak, txerriak, ahuntzak eta ardiak erakutsiko dituzte zaldiekin batera. San Jorge auzoan paratuko dituzte zaldiak, baina, parte hartzaile asko egongo direnez, gainerako abereak Santa Maria landara eramango dituzte. Alboan izango dute, modu berean, nekazaritzarako makinariaren erakusketa.
Artisautza eta gastronomia
Traktorea berritu behar ez ez dutenek, edo egun horretan makinaria berritzeko poltsikoan sos adina ez dutenentzako alternatiba izango da artisautza eta gastronomia azoka, horretan bederen aiseago erosteko moduko prezioak egongo direlako. Horrez gain, Artzain Gazten XXXIX. lehiaketa egingo dute ere. Bertako sailkapenean nabarmentzen diren lehen hamarrek tokia ziurtatu ahalko dute EAE mailako lehiaketarako, gainera.
Azoka ireki eta ordu erdira trikitilariak aterako dira, giroa alaitu aldera. Arratsaldean, berriz, txosnagunean Tor magoa egongo da, eta toki berean txokolatada eskainiko dute, magiak irudimena bai baina sabela ase egiten ez duelako. Arratsaldea bukatzeko Xaiborren disko festarekin amaiera emango diete egunerako programatutako jarduerei. Jai programa Jaietan zehar euskararen semaforoa abiatuko dute, gurean Aiaraldean aurrenekoaz martxan jarri zuten ekimena lautadara eramanez. Tresna horrekin "euskararen presentzia edo absentzia" ikusarazi nahi dute. Jarduera bakoitzarekin batera jarriko dute semaforoa.
Ez da euskararen bueltan egongo den ekimen bakarra, aurten ere Jaietan Euskaraz izenekoa aktibatuko dutelako: tabernetan tragoa edo dena delakoa euskaraz eskatzen dutenek pegatina bat eskuratuko dute, eta, behin hori beteta, postontzi batean sartu ahalko dute gometsak daramatzan kartoitxoa, lehiaketa batean parte hartzeko. Lehen larunbatean egingo duten Sune eta Nogen taldeen kontzertua, ondorengo igandean Josune Garcia de Bikuñak kontatuko dituen ipuinak, edota ostegunean Gorka Urbizurekin egingo duten solasaldi musikatua dira jai programa zabalaren barruan dauden zedarri garrantzitsu batzuk.