Etxez etxeko zabor bilketarekin hasiko dira apirilean Burgun

Erredakzioa 2024ko mar. 15a, 09:59

Zabor bilketa sistema aldatu dute Burgun. PHOT.OK

Etxeko materia organikoaren bilketa berriarekin hasiko dira apirilaren 4tik aurrera. Errefuserako edukiontzi berriak eta konpostagailuak ere izango dituzte.

Burguko Udalak apiriletik aurrera martxan jarriko du hondakin organikoen etxez etxeko bilketa. Astelehenetan eta ostegunetan, etxeko atean ontzia utzi beharko dute burgutarrek, eta bilketa goizeko 10:00ak baino lehen egingo da. Konpostagailuak ere prest daude, eta giltzak bainatu zaizkie herritarrei horiek erabili ahal izateko; alta, etxez etxeko bilketa bezala, apirilaren 4a baino lehen ezin izango dira erabili. Errefusarako edukiontzia, berriz, astelehen eta ostegunetan 24 orduz erabili ahalko dute. Txartela hurbildu beharko dute irakurgailura, eta argi berdea ikusten dutenean tapa ireki eta zaborra bertan bota ahalko dute.

Udalak ohartarazi duenez, jaiegunetan ez da bilketarik egingo, eta hurrengo egunean egingo da.  Birziklatzeko kit-a jaso ez dutenek udaletxera deitu beharko dute eta bertan emango diete.

Ingurumenaren babesak eta hondakinen lege berriak hondakin guztiak bereizita biltzera behartzen dituzte administrazioak. Legeak ezartzen duen %50eko birziklapena gainditzea da helburua, eta bide horretan hainbat urrats egiten ari da azken urteetan Burguko Udala. Hala, 2023an herri galdeketa egin zuen udalak etxez-etxeko sistemaren inguruan herritarren iritziak jasotzeko. Ondoren, irailean,  hondakinen bilketa eta tratamendu zerbitzuaren ordenantza arautzaile berria onartu zuen; informazio kanpaina ere egin dute, eta hainbat batzar egin dira herrietan. Herri bakoitzean bilera egin ostean, etxeetara joan dira hondakinak biltzeko sistema berria azaltzeko eta birziklatzeko kit-a banatzera.

Araban, Arabako Errioxako Kripan eta Eltziego herriak aitzindari izan ziren atez ateko zabor bilketan. 2022an jarri zuten martxan bi herri horietan sistema berria.

Erlazionatuak

Kripan eta Eltziego, eredu

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2023 urr 20 Araba

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago