Kripan da hiri-hondakinen kudeaketaren azterketa gainditu duen Arabako herri bakarra. Ez du magia erabili. Emaitza hori lortzeko, etxeko zabor organikoaren atez ateko bilketa sistema bat (AAB) ezarri du, eta errefusaren edukiontzia itxi du. Horrez gain, konpostaje eremu bat sortu dute herrian, eta etxez etxekoan jasotako biohondakin guztiak bertan kudeatzen dituzte. Kripanen lortutako emaitzek aurreikuspenak gainditu dituzte hasiera-hasieratik, eta Arabako Foru Aldundiaren Hiri Hondakinen Behatokiak aurkeztu duen 2021. urtearen balantzean hala jaso dute. "Udalerri txikia izanik ere, lurraldeko gainerako udalerrietarako inspirazio iturri izan daiteke, legez behartuta baitaude berrerabiltzeko eta birziklatzeko tasa handiagoak lortzera".
Gaur egun, Eltziegoko Udalak ere zati organikoaren etxez etxeko bilketa ezarri du, eta udalerri berean sei konpostaje eremu zabaldu dituzte hondakin horiek birziklatzeko. Burgun ere zati organikoaren etxeko bilketa ezartzeko fasean daude.
Gaikako bilketan, %36
Dena dela, herri txikien emaitza onek eragin eskasa dute herrialde mailako zenbakiei erreparatzen baldin bazaie, eta 2022an onartu zen Hondakinen eta Lurzoru Kutsatuen Legeak ezartzen dituen kopuruetatik oso urrun kokatzen dela Araba. Hala, 134.287 tona zabor sortu zituzten 2021ean arabarrek –402 kilo zabor arabar bakoitzak–. Horren guztiaren %64a edukiontzi grisera joan zen, eta gainerako hondakinak edukiontzi desberdinetan banatu ziren: %9 paperaren edukiontzira joan zen, %6 organikora, beste %6 beiraren edukiontzira, eta %6 ontzien edukiontzi urdinera. Olio edukiontzietan, garbiguneetan eta puntu berde mugikorretan gainerako material berrerabilgarriaren %9 bildu zuten. Berriz ere, errefusaren ontzietan jaso diren hondakinen bi herenak hor egon behar ez luketen janarien eta ontzien hondarrak dira, eta birziklatu eta konpostatu ordez, zuzenean joan dira Gardelegiko zabortegira.
Geldialdia
Arabako Hiri Hondakinen Behatokiak eman dituen datuen arabera, geldialdia sumatzen da hiri hondakinen gaikako bilketan herrialdeko udalerri jendetsuenetan. Urtebeteko buruan (2020-2021)soilik %1 handitu da hondakin organikoa, papera, plastikoak eta bestelako materialen gaikako bilketa: "Izan ere, biztanleen %83 jasotzen duten lurraldeko udalerrien %47k bilketaren hobekuntzan geldialdia izan dute, eta duela urte batzuetatik gaikako bilketan %40tik beherako zenbakiak mantentzen dituzte".
Gasteiz Zero Zabor taldeak ohartarazi du martxa horretan"nekez" lortuko dela 2025erako hondakinen %55 birziklatzea eta berrerabiltzea. Datuok aztertuta, taldeak ondorioztatu du Arabako Foru Aldundiak, udalerriek eta kuadrillek "sakon berrikusi" beharko dituztela hiri hondakinak prebenitzeko eta kudeatzeko planaren neurriak.
Izan ere, hainbat gabezia sumatu ditu. Besteak beste, prebentzioari dagokionez, Araban %7,5 baino ez da murriztu biztanleko hondakinen sorrera 2010eko datuekin alderatuta. Halaber, berrerabiltze eta birziklatzearen alorrean ez da lortu 2020rako ezarritako %50a, eta zaila dirudi 2025ean %55a eta 2035ean %65a lortzea; eta hondakinen balorizazioari dagokionez, egungo %3a baimendutako %15etik urrun dagoela nabarmendu du Gasteiz Zero Zabor taldeak.
Zabor bilketa Araban.
Foru Aldundiaren Hiri Hondakinen Behatokiaren inbentarioak Arabako kuadrilla bakoitzaren 2021eko zabor bilketaren datuak jaso ditu, Trebiñukoak salbu. Guztira, 134.287 tona zabor jaso dira herrialdean; %64a errefusa-hondakinak izan ziren, eta %36a birziklatzeko edukiontzi desberdinetan jaso ziren.
AÑANA
• 5.787 tona zabor jaso dira.
• Gaikako bilketa: %51.
• Errefusa: %49.
AIARALDEA
• 13.858 tona zabor jaso dira.
• Gaikako bilketa: %38.
• Errefusa: %62.
GORBEIALDEA
• 5.365 tona zabor jaso dira.
• Gaikako bilketa: %45.
• Errefusa: %55.
ARABAKO ERRIOXA
• 6.513 tona zabor jaso dira.
• Gaikako bilketa: %32.
• Errefusa: %68.
LAUTADA
• 5.775 tona zabor jaso dira.
• Gaikako bilketa: %43.
• Errefusa: %57.
MENDIALDEA
• 2.023 tona zabor jaso dira.
• Gaikako bilketa: %42.
• Errefusa: %58.
GASTEIZ
• 94.972 tona zabor jaso dira.
• Gaikako bilketa: %35.
• Errefusa: %65.