Etxez etxeko zabor bilketa ezarri dute Eltziegon

Erredakzioa 2022ko uzt. 29a, 09:15

Eltziegoko etxez etxeko proiektua aurkeztu dute udal eta foru agintariek. AFA

Kripanen egin dute lehen saiakera, eta emaitza onak ikusita, Eltziegora zabaldu dute zabor organikoaren etxez etxeko bilketa. 60 tona bildu dituzte 80 egunetan.

Arabako Errioxako Kuadrillak eta Eltziegoko Udalak zati organikoaren etxez etxeko bilketa ezarri dute, eta udalerri berean sei konpostaje eremu zabaldu dituzte, hondakin horiek birzkiklatzeko. "Hondakin horiek gaika biltzen direnean, zabortegiak erabiltzea saihesten da, eta, gainera, modu lokalean egiten denez, tratamendu-instalazio handietara garraiatzeko beharrik gabe, gas kutsakorrak isurtzea saihesten da", nabarmendu dute Kuadrillako arduradunek.

Kripango eredua

Iazko martxoaren 8an, Arabako Errioxako Kuadrillak, Kripango Udalarekin batera (191 biztanle), proiektu pilotu bat hasi zuen, eta oso datu onak jaso ziren. Hala, 2021ean, Kripanen, frakzio guztien gaikako bilketa %86ra iritsi zen, eta %62 hondakin gutxiago bildu ziren. Ontzien zatian, 2021eko urtarrilean bildutako 2,43 kg/biztanleko izatetik urte bereko abuztuan bildutako 3,17 kg/biztanleko izatera igaro zen, % 30 gehiago. Organikoari dagokionez, urte berean 35 tona tratatu ziren eta lortutako konposta udalerrian bertan erabili zen. Errefusaren zatian, gainera, lau edukiontzitara murriztu zen bilketa, eta kamioi biltzailea astean hiru egunetan pasatzetik egun batean pasatzera igaro zen.

Aurrekari horrekin, mila biztanleko Eltziegora jauzi kuantitatiboa eta kualitatiboa egitea onartu zuen Kuadrillak, izan ere, herrian saltoki, ostatu eta ostalaritzako ekipamendu sare handia baitago. Urtarrilean bi sentsibilizazio hitzaldi eman ziren, eta maiatzean, 700 birziklatze-kit banatu ziren: kubo, txartel eta liburuxkaz osatuta.

Maiatzaren 9an zerbitzua hasi zen eta egun honetatik aurrera, erabiltzaileek astelehen eta ostegunetan atera dezakete kubo marroia etxeko atera, 11:00ak baino lehen, ahal izanez gero, ordu horretatik ahalik eta gertuen. Erabiltzaileak ezin badu zerbitzua ordu edo egun horietan erabili, beti erabil ditzake auzo-konpostaje guneak, eta edukiontzi adimendunak irekitzen dituen txartel berarekin sar daiteke.

Etxez etxeko zerbitzua martxan jarri denetik 80 egun igaro dira, eta 60 tona inguru bildu dira dagoeneko, tratamendurako jarritako 60 metro kubikoetan banatuta.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago