EAJren eskuetatik EH Bilduren eskuetara igaro da Aguraingo alkatetza azken udal hauteskundeetan. Raul Lopez de Uralde Motxilo-k (Agurain, 1975) du honezkero aginte makila Lautadako herri nagusian.
Zenbait hilabete baino ez daramatzazu karguan. Nolakoa izan da, maila pertsonalean, lur hartzea?
Batzuetan zaila egiten da. Izan ere, bi ume txiki ditut, eta familiarekin bateratu behar dut hau. Gauza berri asko dira, eta horietako batzuk potoloak dira. Gai desberdinen inguruan behar bezalako ezagutza hartzeko txosten asko irakurri behar ditut, eta jende askorekin hitz egin. Orain jende askok bildu nahi du gurekin, eta ahalegintzen ari gara eskatzen duten guztiekin bilerak egiten. Baina, tira, pixkanaka aurrera goaz. Kalera ateratzen naizenean, jende asko datorkit "gauzatxo bat" komentatzeko, eta, tira, ibilbidea bukatzean hogei gauzatxo txiki ditut pilatuta buruan. Dena dela, jendearekin egotea gustatzen zait; askotan jendeak soilik eskatzen dizu kasu egitea esan behar duenari. Gehienetan oso azkar ibiltzeko joera izaten dugu, eta askotan hiru minutu baino ez dira behar jendeari entzuteko. Eta hori jendeak asko eskertzen du.
Oraindik balorazio bileraren zain egonda ere, nola ikusi dituzu egin berri dituzuen jaiak?
Orokorrean oso balorazio positiboa egiten dugu. Alkatetzan sartu berritan, ez dugu eduki denbora gehiegirik gauza asko aldatzeko, eta datorren urtean lehenago hasiko gara jaiak prestatzen. Udal langile eta teknikariekin balorazio bilera egin genuen, eta jendea pozik dagoela esan dezakegu. Programan zegoen guztia egin da, eta lehen unetik, programaren prestaketatik bertatik, jaiak oso parte hartzaileak izan dira. Nik uste dut talde askok parte hartu izana islatzen dela gero jaietan. Taldeek, kuadrillek eta elkarteek berek jaiak antolatzen dituztenean, gero propiotzat hartzen dituzte, eta ondoren nabaritzen da jende gehiagok parte hartzen duela egiten diren ekitaldietan. Eguraldiak ere asko lagundu du. Bestalde, azoka eguna dago. Egun horretan ahalegin handia egiten dugu azoka mantentzeko eta lehenengo sektorea indartzeko. Ekonomikoki ekarpen handia egiten dugu udaletik, baina herri txikia gara, eta ekonomikoki mugatuta gaude. Aldundiak diru gehiago jarri beharko luke. Azokaren egunean bertan Amaia Barredo Nekazaritza diputatuari esan nion egun hori mantentzeko denon ahalegina nahitaezkoa dela.
"BUS ZERBITZUA HOBETU BADA ERE, SAKANAREKIN GENUEN LOTURA GALDU DUGU ORAIN"
Zergak berrikusteko garaia iritsita, %2,75 igo dituzue. Oposizioak dio ez dela nahikoa, eta defizita izango duzuela. Posible ikusten duzue udal zerbitzuak mantentzea?
Bai. Abuztuan zegoen KPIaren arabera egin dugu igoera, EAE eta Nafarroa arteko batez bestekoarekin kalkulatuta. Oposizioak batzuetan eskatzen zuen ezer ez igotzeko, eta beste batzuetan igoera ez zela nahikoa. Bada, guk igoera hori erabaki genuen. Baina hobarien taula bat badago, eta bertan hainbat aldaketa sartu ditugu. Diru gehiago duenak gehiago eman beharko du, eta gutxiago duenak badu aukera hobari horiek hartzeko. Hori da gure filosofia.
Alkatetza hartzean esan zenuen proiektu berrietan sartu aurretik dagoeneko dauden zerbitzuak indartu nahi zenituela. Zeintzuk dira indartu nahi dituzuen horiek?
Beti babestu dugu hori. Gauza berrietan sartu aurretik, badirelako nahiko kaskar dauden beste hainbat gauza. Kaleko langile edo brigadak indartu ditugu, eta hori nabaritzen da herrian. Orain plegu batzuk egin behar ditugu kaleko garbiketari buruz, eta hori indartzeko asmoa dugu ere. Baita zonalde berdeen kudeaketa ere. Bestetik, orain kiroldegian lanean ari gara, berritu behar dugulako.
Zer planteamendu dago ba kiroldegiarekin?
Herriko kirol taldeak eta erabiltzaileak ez zeuden ados aurreko legegintzalditik zetorren proiektuarekin. Kiroldegiak 50 urte baino gehiago ditu, eta talde askok erabiltzen dute. Egia esanda, hemen zorte handia dugu, herrian ume askok kirola egiten dutelako. Orotara, zortzi talde ditugu. Baina klub askok jo behar dute beste zenbait herritara kirola praktikatzera. Oposizioan geundenean kirol taldeekin eta herritarrekin landu genuen gaia, eta ikusi genuen beste instalazio bat behar zela. Zati berri bat gehituko diogu oraingo eraikinari. Gure asmoa da harmailak erdian jartzea, eta horrela lekua irabaziko dugu. Alde batean frontoia egongo da, uste dugulako pilota indartu behar dugula. Beste alde batean egongo da saskibaloirako, hockeyrako edota futbitorako lekua. Horrela uste dugu talde guztiek aukera izango dutela herrian bertan entrenatzeko.
"AZOKA MANTENTZEKO DENON AHALEGINA BEHARREZKOA DA, ETA HORI GOGORATU NION FORU DIPUTATUARI"
Halako obra batek denbora beharko du. Zenbat aurreikusten duzue?
Asmoa da ekainaren amaieran hastea, kirol taldeek jardunak bukatzen dituztenean. Horrela uda aprobetxatuko genuke. Proiektuak 11 hilabeteko epea zehazten du, baina jakin badakigu halakoak luzeago jotzen dutela normalean. Horregatik, denboraldi oso bat emango dugu obretan, eta, luzatzen bada, lehen eta bigarren uda izango genituzke gure alde. Hamabost hilabeteko tartea izanik, espero dugu nahikoa izatea hurrengo denboraldian hasteko. Erdian geratzen den denboraldi horretarako, inguruko udalerriekin hitz egin beharko dugu gure taldeek kirola praktikatzeko lekua izan dezaten.
Uraren kudeaketa udalaren eskuetara bueltatu nahi duzuela esan zenuten. Zein egoeratan dago ideia hori?
Urbiderekin bilera bat egin genuen, batez ere egoeraren berri izateko. Eskatu genien kronograma bat egitea, jakiteko zertan ari diren, baina momentuz ez digute ezer aurkeztu. Bestetik, Urbidek zor bat du Aguraingo Udalarekin, ia 80.000 eurokoa, eta eskatu diegu hori ordaintzeko.
Herrian indarkeria jasan duten emakumeen egoera salatzeko elkarretaratzeak egin dira. Zein da emakume hauen egoera?
Ez da ona. Halako gauza bat gertatzen denean, bizitza osoa markatzen dizu. Nik beraiekin hitz egin nuen, baina momentuz ez dago ezer berririk. Ertzaintza gaia ikertzen ari da orain.
Alavabus zerbitzua gehitu berri da. Arindu al da garraioarekin dagoen arazoa?
Autobusarena hobetu da, bai. Orain, ordea, Sakanarekin genuen lotura desagertu da, eta bus bat baino ez dugu egunean. Eskatu dugu gehiago egon daitezela. Trenaren kontuarekin, berriz, berdinetan gabiltza. Frekuentzia gehiago behar dira. Gainera, frekuentzia gehiagorekin ere konponduko litzateke Sakanarekiko lotura. Trena oso erosoa da, eta autobusa baino ekologikoagoa. Eginda dagoen azpiegitura da, eta ez da egin behar izugarrizko inbertsioa linea hobetzeko. Merkeago eta erosoagoa da trena, eta horrek erraztuko luke jendeak autoa etxean uztea. Hau ez da AHTa bezalakoa. Gainera, hamabost minutuan Gasteiz erdian zaude. Autobusarekin, berriz, orain atera den beste arazo bat lehen 25 minutu inguru behar zirela Gasteizera joateko, baina orain ia-ia ordubete ematen duzu Gasteizera iristeko, herriz herriko zerbitzua ematen duelako. Zerbitzu hori beharrezkoa da ere noski. Horregatik tren frekuentzia gehiago izateak gauzak erraztuko lituzke. Industrialde batzuetan geralekuak jarriko balituzke, jendeak aukera izango luke ere trenez lanera joateko.
AHTa aipatu duzularik, ibilbideari buruzko berririk al duzue?
Ez, ez dugu inolako berririk, eta, egia esanda, ez dakigu hori txarrerako ala onerako ote den. Guk argi dugu, baina, AHTa aguraindarrentzat zentzurik ez duen zerbait dela, horrek suposatuko lukeelako Lautada osotik beste arrakala bat irekitzea, aguraindar gehienek zerbitzu hori erabiliko ez badute ere. Dirutza gastatzen ari da horretan, orain dagoen trenbidea konpondu eta berritu beharrean.
Aurrera begira, zein proiektu dituzue buruan?
Orain datorren urterako aurrekontuak prestatzen ari gara, eta ireki dugu parte hartzeko epe bat. Uztailaren bukaeran hitz egin genuen udal teknikari eta langileekin, irailaren amaierara arte proposamenak jasotzeko. Oposizioari ere aurkeztu genion ordutegia, eta orain atera dugu udal bando bat herritarrei parte hartzeko aukera emanez. Web orrialdearen bidez edo idatzita jaso daitezke, azaroaren 2a arte. Jasotzen ditugun proposamenekin, azaroaren 14an agiri bat egingo dugu oposizioari aurkezteko, eta 24ra arte utziko diegu epea beren proposamenak jasotzeko. Azaroaren bukaerarako aurrekontuak onartu asmo ditugu.
Gobernu batzordean sartzeko gonbidapena egin zenioten oposizioari. Onartu zuten? Nolakoa da harremana?
Atea irekita utzi nahi izan genien, baina proposamenari ezetz esan zioten. Guk uste dugu hobe dela guztion artean egitea, elkarlanean. Eta herriak ere hori nahi duela uste dugu. Horrez gain, harremana normala da. Informatzen dugu egiten ari garenaz, eta beraiek ere zerbait badute, esaten digute, besterik gabe.
Etxebizitzari lotutako proiektu bat ere esku artean duzue, ezta?
Bai. Aurretik bagenuen Bustamante etxean gazteentzako alokairu sozialerako etxebizitzak egiteko proiektua, eta orain berreskuratu dugu ideia hori. Udalaren etxea da, eta hutsik darama denbora luzez. Etxe hori berritu nahi dugu. Jaurlaritzarekin hitz egin nahi dugu hori gauzatzeko. Aurreko proiektuan bederen 11 etxebizitza egitekoa zen. Asmoa da bost urtez alokatzea, gazteek gurasoen etxetik ateratzeko aukera gehiago izan dezaten.