Zumarraundiko konponketa ospatuko du Zalduondok

Erredakzioa 2022ko urt. 11a, 08:42

Zumarraundi bidea konponduta. ZALDUONDOKO UDALA

Zumarraundira igoera antolatu du Udalak igandean, hilaren 16an, iragan azaroan berriz irekitako bide ezaguna inauguratzeko. Goizeko 9:00etan abiatuko dira Kortatik.

Udalak iragarri duenez, bidean zehar, toponimoak berrituko dituzte, eta musika eta bertsolariak izango dira. Hamaikak aldera, Zumarraundiko plataformaren historia laburra azalduko dute tokian bertan, zumar bat landatuko da, eta hamaiketakoa egingo dute.

Ia hiru urtez itxita egon ondoren, Zalduondoko Udalak Aizkorri-Aratz parke naturalerako Arabako sarbide nagusia ireki zuen pasa den azaroan. Izan ere, 2019ko otsailean, ibilgailuei – abeltzainei eta beste kolektibo jakin batzuei izan ezik – bidea ixtea erabaki zuen Udalak, errepidea izugarri hondatuta zegoelako, eta trafiko-istripuak izateko arriskua oso handia zelako.

Udalak bidea konpontzen laguntzeko eskatu zuen hainbatetan, Udalak ez baitzuen bere kabuz obrak egiteko aurrekonturik. Negoziazio-aldi luze baten ondoren, Zalduondoko eta Asparrengo udalek, Arabako Foru Aldundiak eta Arabako eta Gipuzkoako partzuergoak akordioa lortu zuten. Gipuzkoako Foru Aldundiak ere partida bat emateko konpromisoa hartu zuen, baina azkenean ez du egin.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago