Martxan dira Zumarraundiko bidea konpontzeko lanak

Erredakzioa 2021ko ira. 9a, 11:00

Udalak 2019ko otsailean itxi zuen Zumarraundiko bidea. / ZALDUONDOKO UDALA

Zumarraundiko bidearen sarbidea duintzeko hainbat urteko ahaleginen ostean eta bi urte eta erdi itxita mantendu ondoren, Solabarritik Zumarraundirako tartea konpontzeko lanak hasi dira. 420.000 euroko inbertsioa egingo dute.

Zalduondoko Udalak 2019ko otsailean erabaki zuen Zumarraundiko bidea ixtea, egoera txarrean eta larrian zegoelako. "Neurri horrek zalaparta eta presio handia eragin zion Udalari, eta, hala eta guztiz ere, bere jarrera mantendu zuen, koherentziagatik eta erantzukizunagatik", aitortu du Zalduondoko alkate Gustavo Fernandez Villatek.

Ondoren, Arabatik Aratz-Aizkorri parke naturaleko Urbiako zelaietara iristea ahalbidetzen duen sarbide bakarra konpontzeko auzia bideratzeko ahaleginean izan dira erakundeak. Norabide horretan, 2020ko abendu hasieran izan zuten lehen bilera; orain, bidea itxi zenetik bi urte eta erdi baino gehiago igaro direnean, nolabaiteko konponbidea adostu dute Arabako eta Zalduondoko erakundeek.

Lanak 2021 eta 2022 urteetan zehar egingo dira: bidearen lehenengo zatia asfaltatu egingo da, eta bigarrenean, berriz, Urbiara doan pistaren zati baten gainazala konponduko da.

420.000 euroko inbertsioa Arabako Foru Aldundiak, Gipuzkoako eta Arabako Partzuergoak eta Zalduondoko Udalak finantzatuko dute: Nekazaritza Sailak 150.000 euro jarriko ditu, Ingurumen Sailak bezala; Partzuergoak eta Udalak, berriz, 60.000 euroko inbertsio bana egingo dute.

Sei urteko ahalegina

Zumarraundiko bidea konpontzeko lehen kudeaketak 2015ean hasi ziren, eta erakundeen arteko bilerak, agerraldiak, harremanak eta eskaerak asko izan ziren. Konponketa integrala egiteko 900.000 eurotik gorako inbertsioa egin behar zela aurreikusi zuten. "Gipuzkoako Foru Aldundiak 300.000 euro emateko konpromisoa hartu bazuen ere, azkenean ez du bere konpromisoa bete", deitoratu du Zalduondoko alkateak.

Horren ondorioz, bidearen zati garrantzitsuak ezin izango dira oraingoz konpondu. Nolanahi ere, lanak hastearekin batera, Zalduondoko alkateak eskerrak eman dizkie herritarrei, "udalbatzan jarri duten konfiantzagatik eta bide luze eta gogor honetan erabakiak hartzen lagundu" izanagatik.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago