Zeraingo alkate eta Gipuzkoako eta Arabako Partzuergoko lehendakari Amaia Junquerak eta Idiazabalgo alkate eta Gipuzkoako eta Arabako Partzuergoko lehendakari ohi Iñaki Alberdik sinatutako gutun batean azaldu dutenez, 2020ko urriaren 26an egin zen Zumarraundi bidearen konponketaren inguruko erakunde arteko lehen bilera.
Bertan izan ziren Gipuzkoa eta Arabako Partzuergoa bera, Asparrena eta Zalduondoko udalak, Galarretako Kontzejua eta Arabako Foru Aldundia. Bertan adostutakoaren ondoren, lan horiek egin ahal izateko aurrekontua prestatu da. Erakunde inplikatuek beren aurrekontuetan lan hori aurrera eraman ahal izateko diru partidak jarri dituzte, edo horretan ari dira. Izan ere, erakunde batzuk aurrekontuak onartu gabe daude oraindik.
Martxoaren 11n, hurrengo bilera
Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza eta Ingurumen sailen artean 300.000 euro jarriko dituzte, 2021, 2022 eta 2023 urteen artean banatuta. Zalduondoko Udalak beste 60.000 euro jarriko ditu. Asparrenak beste 25.000 euro. Eta Gipuzkoako eta Arabako Partzuergoak 20.000 euro urteko.
2019an, Gipuzkoako Foru Aldundiak beste 300.000 euro jartzeko proposamena egin zion Partzuergoari. Datorren martxoaren 11n hurrengo erakunde arteko bilera lotu dute, eta Solabarritik Urbiarako bidearen konponketarik handiena finantzatzeko baliabide ekonomikoak bermatuta egon daitezkeela ikusita, Gipuzkoako Foru Aldundia ere gonbidatu dute bilera horretara.
Bilera horren helburua falta diren zehaztasunak definitu eta bidearen konponketa "ahal den azkarren" egiteko urratsak adostea izango da.
"Dei egiten diogu Gipuzkoako Foru Aldundiari gainerako erakundeen pareko konpromisoa erakutsi eta bilerara bertaratu dadin, bere presentzia ezinbestekotzat jotzen baita gai honi konponbidea emateko", adierazi dute Junquerak eta Alberdik plazaratutako oharrean.