Erreportajea

Frantsesek utzi zutena, amets

Juanma Gallego 2021ko uzt. 4a, 10:00

Napoleonen tropek izugarrizko dirutza utzi behar izan zuten Lautadan. GASTEIZKO UDALA

1813an, Gasteizko Bataila deitutakoan, soldadu frantsesak estu eta larri ibili ziren, eta, alde egitean, beraiekin zeramaten altxorra atzean utzi behar izan zuten. Altxor horrek mota guztietako espekulazioak eta ametsak eragin ditu

Euskal Herriko historian inoiz izan den altxorrik handiena esku batetik bestera ibili zen duela bi mende inguru, Arabako lautadan. 1813an izandako Gasteizko Batailan, ihesean zirela, frantsesek beraiekin zeramatzaten dirutza, artelanak eta bestelako altxorrak atzean utzi behar izan zituzten. Ospil gehiena soldadu aliatuek eskuratu zuten arren, urte luzez, altxor horren zatiren bat oraindik nonbaiten egon zitekeelako susmoak imajinazioa piztu du.

Istorio honetan murgildu baino lehen, ohar garrantzitsu bat. Urrezko altxorrak daude, baina erdi lurperatuta dagoen burdinazko xafla herdoildu bat ere altxor nabarmena izan daiteke, aurkikuntza hori interpretatzeko gai den aditu baten eskutan bederen. Hortaz, zerbait bitxia aurkituz gero, jakinarazi ondare arloko adituei, arrastoa tokitik mugitu gabe. Ez egin, beraz, Indiana Jonesena: benetako altxorrak, politenak, istorioetan aurkitzen dira.

Gauzak argituta, goazen eskuak irinean sartzera. Horretarako, adituengana jotzea da hoberena. "Batailaren aurreko egunetan Gasteizera irisi zen urrez eta zilarrez osatutako konboi bat, Napoleonek bidalitakoa Espainiatik ihes egiten ari zen armadari ordaintzeko", azaldu du Emilio Larreina historialariak. Frantsesek zeramaten dirutza horri beste altxor bat gehitu behar zaio, Espainian arpilatutako artelan eta bestelako harribitxiez osatutakoa. "Batailan zehar, konboi hori erretiratu nahi zutenerako, beranduegi zen. Duratik Frantziara zihoan bidea itxita zegoen, eta frantsesek Iruñera joatea erabaki zuten. Hara zihoan bidea, baina, landa bidea zen, eta zalgurdiak ez aurrera ez atzera geratu ziren". Ondorengo ihesaldian, altxorra denen eskura egon zen.

Ezustea zekarren mandoa

Gaiari buruzko istorioak belaunaldiz belaunaldi mantendu dira zenbait familiatan. Horren adibide bat gertutik ezagutu zuen Larreinak, artean gaztetxo bat zela. "1963an, nire aitaren lagun min bat udaltzaina zen, eta, agian garaiko polizien artean bera leituenetako bat zelako-edo, Gasteizko Batailaren 150. mendeurrenean, berari egokitu zitzaion Kordoi Etxean jarrita zegoen maketaren inguruan azalpenak ematea. Bada, esan zigun haren familiak ere dirua irabazi zuela altxorraren kariaz. Kontatu zigunez, ihesean zeuden frantsesek ume bat hartu zuten, gidari lanetan lagun ziezaien. Aitaren lagun horren emaztearen aitona edo birraitona bat izan zen ume hori. Ihes egitea lortu zuen, eta, etxerako bueltan, fardelak zeramatzan mando bat aurkitu zuen. Animalia etxera berarekin eraman zuen, eta orduan konturatu ziren fardeletan altxor txiki bat gordeta zuela: zilarrezko argimutilak, erretiluak...".

"Mando baten fardeletan, ume batek altxor txiki bat aurkitu zuen". Emilio Larreina, historialaria.

Larreinaren esanetan, baliteke antzeko gauzak gertatu izana behin baino gehiagotan. Halere, berak ez ditu sinesten bataila horretan altxorraren zati batzuk lurperatu zituzten istorioak. Historialariaren ustez, batailaren egun hori oso zaila izan zen, eta soldaduak izan ziren ospil gehiena eskuratu zutenak. Artelanei dagokienez, ezaguna da Wellington jeneralak hainbat eta hainbat koadro eraman zituela, eta, horiek itzultzeko aukera eman zuen arren, Fernando VII.a erregeak oparitu zizkiola.

Familietan kontserbatutako istorio horiez gain, historiak egun horretan aberastu zirenen aztarnak utzi ditu. "Batez ere soldadu ingelesak izan ziren", nabarmendu du Larreinak. "Soldadu batek garai horretan gaur egungo milioi bat liberaren pareko dirutza eraman zuen. Orkatilen altueran prakak lotu zituen, eta ahal zituen txanpon guztiak eraman zituen gainean". Bertokoak ere, nola edo hala, profitatu ziren negozio horretaz. "Esaterako, bataila ostean sortu ziren merkatu txikietan soldaduek sei pezeta eskaintzen zituzten ogerleko baten truke. Horrela, pisu gutxiago eramaten zuten".

Legebiltzarra dagoen tokitik gertu egon liteke Ducassek bilaturiko altxorra. ALEA

 

La Exploradora elkarteko kide Miguel Gutierrez Garitanok argi dauka: "Altxorrari buruzko istorio honek liburu bat merezi du". Unibertsitate garaian artelanei buruzko lan bat osatzen ari zela egin zuen topo gaiari lotuta egon zitekeen pasarte batekin. "Apaiz bat ezagutu nuen, eta esan zidan berak bazuela gordeta Goyarena izan zitekeen koadro bat". Orain damutzen da hori ikusi ez izanaz, baina ez du galtzen istorio horri berriro heltzeko itxaropena.

Gutierrez Garitanoren ustez, altxorrak, hein handi batean, Gasteiz salbatu zuen. Ezaguna da soldaduak ez zirela sartu hirira harrapaketa egitera. "Jende guztiak dio hori Alava jeneralari esker izan zela, eta, ez diot batere meriturik kendu nahi, baina, hiria zaintzeko zituen soldadu apurrekin oso zaila egingo zitzaion arpilatzea ekiditea. Nire hipotesia da hirian ez zela harrapaketarik gertatu soldadu horiek kanpoan Espainiako altxorrik handiena eskura izan zutelako", babestu du. Oroitarazi duenez, Donostiaren kasuan ingelesak sartu ziren hirian, izugarrizko sarraskia eginez.

Monsieur Ducasse

Larreinaren kasuan bezala, Gutierrez Garitanok badu familian bertan altxor horri buruzko istorio bat. 1940ko hamarkadan, haren aitona Rafael Gutierrez Benito zinegotzia izan zen, eta Udal Artxiboko argazkilaritza atala sortu zuen. Bada, artxiboetan altxorrari buruzko istorio bat aurkitu zuen. "Egia esanda, ez dakit oso ondo txantxetan ala egiatan esaten zuen, baina kontua da aitonak beti esaten zuela altxor baten bila ari zela, eta etxe azpian zegoela". Gasteizko Batailaren garaikoa izanik ere, kasu honetan, hiriburuan lurperatuta ei zegoen, gaur egun Legebiltzarra dagoen eraikinetik gertu, eta dokumentatuta dago monsieur Ducasse izeneko herritar frantses bat horren bila abiatu zela. Ez da ezagutzen pertsona hori soldadu ohia izan ote zen, ala lehen eskuko informazioren bat ote zuen, baina errealitatea da sinetsita zegoela horretaz.

"Aitonak zioen etxe azpian altxor bat zegoela, eta bila ibili zela". Miguel Gutierrez Garitano, esploratzailea.

Udal agirian dokumentatuta dagoen kontakizunaren arabera, 1847ko uztailean Udalari proposatu zion Prado kaletik gertu indusketa bat egitea. Akordio batera iritsita, indusketa lanei ekin zieten, baina ez zuten ezer aurkitu. "Agirian zehazten ez den arrazoiren bat zela-eta, indusketa horrek oso denbora gutxi iraun zuen". Gutierrez Garitanok ez du galtzen inguruetan zerbait aurkitzeko itxaropena. "Ez dut uste oso konplikatua izango zenik eremu horretarik georradar bat pasatzea, adibidez". Ohi bezala, gaiak eta proiektuak pilatzen zaizkio Gasteizko esploratzaileari; egunotan Alejandro Handiaren arrastoak aurkitzeko saiakerei edota Ekialde Hurbileko istorioei lotuta dago.

Gasteizen ez ezik, Lautadako lurraldeetan antzeko zerbait gorde izanaren aukerak agian ez dira oso handiak, baina, geratzen diren lorratz txikiei helduta, batek daki zer egon daitekeen gaur egun soro, landa edo baso diren eremuetan. Familia askotan, horren inguruko kontakizunak mantendu dira, bederen, eta egun pasarte historiko izan ziren horiek herrietako mitologian ere txertatu dira. Dena dela, istorio on guztietan bezala, altxorra aitzakia baino ez da. Horren bila abiatzeak dakarren ilusioa da, finean, bizitzari distira gehien ematen diona. 

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago