Gasteizko Batailaren oroimena errotik finkatuta dago Lautadako herri askotan, frantsesek alde egiteko egin behar izan zuten ibilbidea eskualdetik igaro zelako. Modu berean, litekeena da norbaitek dirua edo harribitxiak eskuratu eta nonbaiten ezkutatu izana, ihes egin ondoren, eta bizitza salbatuz gero, gero horren bila bueltatzeko. Historiak, noski, frogak behar ditu; baina, horrelako zerbait gertatuz gero, ez dirudi erraza izango zenik gertaera hori nonbaiten idatzita agertzea. Horregatik, lehen momentuetatik, batailaren ondorengoek esamesak piztu zituen, eta ondoren hainbat egilek egindako kontakizunek ere indartu zuten kondaira.
Esaterako, Benito Perez Galdos idazle ezagunak egun batetik bestera aberastutako bizilagunen istorioak hauspotu zituen, El equipaje del rey José izeneko eleberrian. "Baserritar asko aberastu egin ziren gau horretako arpilaketarekin, eta Araban eta Errioxan badira aberatsak diren familiak; euren dirutza Gasteizko Batailatik etorri zen".
Abiapuntu horretan abiatuta, Alvaro Ruiz de Gordoa Argomaizko bizilaguna arduratu da aspaldiko kondaira bat biziberritzeaz, eta, batez ere, umeei begira egokitzeaz; modu horretan, ondarearen transmisioa bermatu nahi izan du, errealitatea eta fikzioa nahastuz.
Enbor baten zuloan
"Honetan, abiapuntua da inguruetan kontatu izan den kondaira bat", azaldu du Ruiz de Gordoak. "Beste leku askotan kontatzen den istorioen antzekoa da: Kiltxano basotik gertu, artaldea zaintzen ari zen artzain batek urrez beteriko poltsa bat aurkitu zuen. Arkume baten larruan sartu, eta basoan ezkutatu zuen, enbor baten zuloan. Hurrengo egunean, baina, aurkitutako altxorra berreskuratzeko hara joan zenean, urrez betetako poltsa desagertua zegoen".
Halako istorio bat eskutan izanda, zaila da muzin egitea kontakizun hori frantsesen inguruan dauden esamesekin lotzeari, eta hala egin zuen Ruiz de Gordoak. Horrela, inguruetan lokatzetan trabatuta geratu zen konboia abiapuntu gisa hartuta, aurrera egin ahal izateko bidean utzitako fardelen artean urrezko poltsa bat imajinatu zuen Ruiz de Gordoak, eta ohiko kondairarekin lotu zuen.
Kondairan aipatutako artzainak agian ez zuen altxorra aurkitu, baina 1970ko hamarkadan Etxabarri-Urtupiñako bizilagun batek altxor hori bilatzeari ekin ziola ezaguna da inguruetako herrietan. Ur-azti horietako bat kontratatu zuen, topatzeko moduan ote zegoen. Ez omen zuen ezer aurkitu.