Diputazioak bere gain hartuko du Agurain eta Gasteiz arteko autobus ibilbidearen kudeaketa

Erredakzioa 2021eko urtarrilaren 15a

Aurreikuspenen arabera, 2022. urtean sartuko da ibilbide hori Alavabuseko 5. linean.

Arabako Foru Aldundiak akordio bat lortu du Nafarroako Gobernuarekin, Agurain eta Gasteiz arteko errepideko bidaiari trafikoaren kudeaketa bere gain hartzeko. Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Saileko foru diputatu Blanca de la Peñak Batzar Nagusietan iragarri duenez, 2022. urtean sartuko da ibilbide hori Alavabuseko Gasteiz-Dulantzi-Araia 5. linean, Iruñea eta Gasteiz arteko autobus bidezko konexioaren emakida berritzen denean.

Akordio honi esker, Lautadako garraio publikoaren zerbitzua hobetuko duela aipatu du. Baina, ez du horren gaineko Ibilbideari buruzko zehetasun askorik eman: "Goizegi da oraindik bidalketa eta ordutegi kopuruari buruz hitz egiteko; izan ere, lehenengo, Gasteizera erregulartasunez joan behar duten Aguraingo ikasleen, langileen eta beste talde batzuen eskaera aztertu behar dugu, baina bermatu dezaket eskaintza egungoa baino askoz handiagoa izango dela. Era berean, aurreratu dezaket Aguraingo erabiltzaileek BAT txartela erabili ahal izango dutela ordaintzeko, horrek dauzkan abantailekin, erosotasun eta deskontu moduan".

Aldi bateko irtenbidea

De la Peñak jakinarazi du aldi berean lanean ari direla Lurralde Orekaren Sailarekin eta Aguraingo Udalarekin, aldi bateko irtenbideren bat bilatzeko, kontuan hartuta urtebete baino gehiago igaroko dela Foru Aldundiak zerbitzua bere gain hartu arte.

Akordioa Lautadako herritarrek garraio publikoaren zerbitzua okerrera egin duela egindako salaketaren ondotik dator.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago