Garraio publiko hobea lortzeko plataforma sortu dute Lautadan

Erredakzioa 2020ko urr. 9a, 08:30

Arabako Foru Aldundiak autobus linea arautzea eskatu dute Lautadan. ALEA

Renfek goizeko lehen orduko Irun-Gasteiz trena kendu eta gero, hiru autobus bakarrik daude Lautada eta Gasteiz artean.

Aguraingo eta Lautadako beste herri batzuetako bizilagunek herri plataforma bat sortu dute garraio publiko hobea eskatzeko, eta internet bidez sinadurak biltzen ari dira. Renfek goizeko lehen orduan Irun-Gasteiz trena ez berreskuratzeko erabakiak haserre handia eragin du inguruan. 

Halaber, Agurain eta Gasteiz lotzen dituzten autobus gutxi daudela salatu du Garraio publikoaren aldeko Lautadako Plataformak. "Autobusak eskatzen ditugu Agurainen; eta Arabako beste herri batzuetan –Laudion, Amurrion, Murgian, Langraiz Okan, Ribabellosan, Guardian eta Bastidan– duten antzeko zerbitzuen maila nahi dugu", esan du plataformak.

Gainera, Aguraindik Gasteizerako autobusak Arabako Foru Aldundiak arautzea eskatu du, "maiztasun gehiago duten lineekin eta BAT txartela erabiltzeko aukerarekin". Une honetan, Gasteiz-Bilbo linearekin gertatzen zen bezala, Aguraindik igarotzen den linea ez du Arabak kudeatzen, Nafarroak baizik. "Garraio publikoa behar dugu, eta ez autobusak enpresa pribatuen esku, euren etekin ekonomikoaren arabera ordutegiak jartzen eta kentzen baitituzte", esan dute.

"Ikasleak, etxeko langileak, enpresetako eta beste zerbitzuetako langileak, adinekoak edo gaixotasun kronikoak dituztenak, Gasteizen ohiko osasun-arreta behar dutenak, autorik ez dugunok edota erabili nahi ez dugun emakumeak eta gizonak… Pertsona asko gara" ohartarazi dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago