Gotzon Lopez

"Nafarroako Gobernuaren menpe gaude; ez du zentzurik"

Mirian Biteri 2020ko urr. 24a, 08:00

Landa eremua Arabako hiriburuarekin lotuko duen garraio publiko "duina" eskatzen du Lautadan sortu berri den plataformak.

Lautada eta Gasteiz artean kalitatezko garraio publikoa egon beharko litzateke, kontuan izanda trena eta autobusa daudela. Baina ez da horrela, eta eskualde mailako plataforma osatu berri dute zerbitzu "duina" eskatzeko. Bertako kide Gotzon Lopezek gaur egungo egoeraren berri eman du; Arabako gainerako kuadrilletan duten zerbitzu bera nahi dute Lautadarako. 

Garraio publikoaren aldeko plataforma osatu duzue Lautadan. Zergatik?

Azken urteotan, garraio publikoa Lautada guztian okerrera eta gutxiagora doala ikusita, gure kabuz mugitu beharra zegoela pentsatu genuen herritar talde batek. Erakunde publikoek ez dute gai honen inguruan batere laguntzen, eta hori horrela, plataformaren bitartez ikustaraztea erabaki dugu. 

Lehenik eta behin, sinadurak batzen hasi zarete. Zenbat jaso dituzue orain arte?

Bai, Internet bidez hasi gara sinadurak jasotzen, Avaaz izeneko plataformaren bidez; sinatu nahi duenak Lautadako garraio publikoa bilatzailean sartuta topatuko du. Dagoeneko 500 inguru ditugu eta kopurua handitzea espero dugu. Modu digitalean gabiltza egiten koronabirusaren kontuarekin ezin ditugulako betiko moduan jaso; oso zaila da paperekin egitea. Bestela, ohiko tokietan jasoko genituzke eta ziurrenik askoz gehiago izango genituzke, baina, zoritxarrez plataforma digitalaren bidez egin behar dugu oraingoz.

Eperik al duzue?

Ez. Ahalik eta jende gehien parte-hartzea da nahi duguna, eta, sinadura kopuru ikusgarria dugunean, Arabako Diputazioan aurkeztuko ditugu. 

Orduan, orain arte ez duzue harremanik izan Diputazioarekin?

Oraindik ez. Landa eremua denon artean zaindu beharra dagoela esaten dute behin eta berriz erakunde publikoek; espero dezagun beraiek aurreikusten dituzten neurrien artean egotea garraio publiko duina izatearena. Gaur egun, Gasteizen dago guztia zentralizatuta: osasuna, ikasketak, tramite burokratikoak edo dena delakoa egiteko hiriburura joan behar gara; ikasleak, etxeko langileak, enpresetako eta beste zerbitzuetako langileak, adinekoak edo gaixotasun kronikoak dituztenak edo, besterik gabe, autorik ez dutenek. Pertsona askok behar dugu garraio publikoa. 

Zer da zehazki Lautadan trenekin gertatzen dena?

Trenbideak eta geltokiak ditugu jarrita, baina ez dugu trenik. Gertuko trenik ez dago, dauden bakarrak distantzia ertainekoak edo luzekoak dira; alegia, Madrilera edo beherago doazen trenak. Egunero, hiru bat bider pasatzen direnak norabide bakoitzean. Bidaia horien prezioa, gainera, oso garestia da. Horren aurrean, geltokiak dituzten herrietan geldialdiak egiten dituzten trenak eskatzen ditugu, erabilera eraginkorrerako bonu eskuragarriak eta ekonomikoak dituztenak.

Eta autobusekin zer? Oker ez banago, Covid-19a dela eta, murrizketak izan dira.

Berdina gertatzen da. Arazoa berdina da. Azken urteotan, autobusen ordutegia aldatzen joan da, geroz eta murritzagoa da, eta bai, Covid-19aren kontuarekin, okerrera egin du, goizean beste autobus bat kendu dutelako. Orain, badago bat 07:00etan Gasteizera joateko, eta hurrengoa 11:20ean da; denbora tarte horretan ez dago besterik.    

Lautadako herri nagusienen egoera txarra bada, are okerragoa izango da herri txikien egoera, ala?

Hala da, bai. Bere garaian, Diputazioak herri txikietan bizi zen jendeari garraioa eskaini zion, Gasteizera joateko aurretik deituta udalerriko herri nagusienera hurbiltzeko. Zentzugabekoa da, kontuan izanda handik gero ez dutela garraiorik. 

Zein da Lautadan dagoen arazoa, kontuan izanda herrialdeko bestelako kuadrilletan zerbitzu hobeagoa dutela?

Arazoa da Arabako Diputazioak berak ez duela garraio publikoa zuzenean kudeatzen; gure kasuan, Nafarroako Gobernuaren eskuetan uzten du. Lautadan dauzkagun autobusak dira Nafarroako Gobernuak Gasteizera joateko jarritako lineak. Nafarroako Gobernuaren menpean gaude, eta horrek ez du zentzurik. Diputazioari eskatzen dioguna da beste kuadrilletan egiten duen bezala egin dezala Lautadan ere; ez dugu besterik eskatzen. Hain justu ere, Diputazioak kudeatutako zerbitzua izatea, beste kuadrillek dutena. Eta horrekin lotuta, bidaiak merkeagoak izatea, izan ere, guk ez dugu Bat txartela erabiltzeko eskubiderik. 

Itxaropentsu?

Itxaropentsu baino, indartsu gaude. Presioa egiteko asmoa dugu, ea Diputazioak kasu egiten digun eta garraio publikoan gaur egun dugun gabezia behingoz konpontzen duen.

 

Mirian del Rio gaixo kronikoaren testigantza

Gaixotasun kroniko bat du Mirian del Rio Sanchez aguraindarrak, eta askotan doa Gasteizera.

Aguraindik Gasteizera joan ahal izateko arazoak dituzu... 

Bai. Auto pribaturik ez dut eta garraio publikoaren mende nago. Lanean nengoenean zaila zen, baina askoz okerragoa da gaixorik nagoenetik. Gaixotasun autoinmune bat dut, kronikoa, sistema osoan eragina duena, eta beraz, Gasteizen dauden askotariko arloetako espezialistak bisitatu behar ditut. Horrez gain, hilean behin edo, tratamendua ere izaten dut Txagorritxuko ospitalean.

Nola eragiten dizu gaur egungo garraio publikoaren zerbitzuak?

Lehen, autobus eta trenarekin, modu batean edo bestean moldatzen nintzen; baina 09:35eko trena kentzean izorratu naute. Gainera, immunoeskasia dugunoi autobusean ahalik eta gutxien ibiltzea gomendatzen digute, eta Aguraingoak beteta doaz. Gainerako kuadrillek duten zerbitzu bera nahi dugu Lautadarako.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide