Ertzaintzaren arabera, 1:30ak aldera zaintza lanetan ari ziren patruilek berrehun bat pertsona ikusi zituzten Aguraingo Alde Zaharrean; ustez, bertan behera geratuta zeuden "ez-jaiak" ospatzen ari ziren, baina tabernak itxita zeuden dagoeneko.
Pandemiaren ondorioz ezarritako neurriak errespetatzen ari ez zirela eta, megafonia bidez handik alde egiteko eskatu zieten bertan zeudenei. Polizia-iturrien arabera, une horretan, "talde bat patruilak iraintzen eta agenteei botilak eta bestelako objektuak botatzen hasi zen, eta agente bat zaurituta geratu da".
Hortaz, ustez istiluetan parte hartzen ari ziren bi lagun identifikatu eta atxilotu zituzten, desordena publikoak eta agintaritzaren agentearen aurkako atentatua leporatuz. Gainera, suhiltzaileek herriko hainbat tokitan esku hartu behar izan zuten, eta, dirudienez, istiluak goizaldean zehar luzatu ziren.
"Sorgin-ehiza"
ALEAk kontsultatutako hainbat iturrik zalantzan jarri dute Ertzaintzaren bertsioa, eta "sorgin-ehiza" gisa definitu dute gertatutakoa: "200 pertsonarik ez zegoen inongo momentuan". Asteburu osoa "giro ezin hobean" igaro dela diote, "segurtasun neurri guztiak errespetatuz, polizia agertu zen arte".
Bizilagun horien arabera, orduan arazoak hasi ziren, baina, atxilotuez gain, beste hainbat gazte jazarri eta identifikatu zituzten "arrazoirik gabe, bortizkeriaz, eta hainbat jipoi ere izan ziren".
Gertakariak ostalaritza-ordutegitik eta tabernetatik kanpo izan ziren, horiek jada itxita zeudenean. Izan ere, herriko ostalariek beraiek "arduraz jokatzeko" dei egin zuten pasa den astean.
Alkatearen erreakzioa
Ernesto Sainz Aguraingo alkateak ostalaritza, gazteak eta Aguraingo bizilagunak zoriondu ditu: "Gaur 10 bat ostalarientzako; pairatzen ari direnaren ondoren, eskertzekoa da erakutsi duten erantzukizuna eta konpromisoa. 10 bat gure gazteentzat; talde horren erantzuna goraipatzekoa eta eskertzekoa izan da. 10 bat bizilagunentzat, aurten ez dela tokatzen ulertu baitute"
Baina istiluak, ordea, gogor salatu eta deitoratu ditu: "Zero bat goizaldeko 1:30ean hirigune historikoan jarraitzen zuten pertsonei, ostalaritza establezimenduak itxi ondoren, osasun gomendioei jaramonik egin gabe, taldean, distantziak gorde gabe eta kontsumitzen. Ondoren gertatu zena eta gure zergekin ordaintzen ditugun edukiontzi erreak ahaztu gabe", esan du alkateak.