Aguraingo Jose Mari jatetxea, Gordo, eta Dana Ona jatetxea, Sarayola, kudeatzen dituzte Julen Arbaizak eta Maider Agirrek. Datozen egunotan, "ez festetan" gertatu daitekeenarekin arduratuta daude; are gehiago, pasa den asteburuan Ertzaintza tabernaz taberna langileak identifikatzen, ezarritako neurriak betetzen diren kontrolatzen eta abisuak ematen ibili zirela ikusi ondoren. Herritarrei "zentzuz jokatzeko" deia egin diete.
Martxotik hona igarri al duzue aguraindarren artean ohitura aldaketarik?
Julen Arbaiza: Bai. Egoera aldatu egin da eta denetarik dago orain. Badago beldurra duen jendea, batetik; eta bestetik, paso egiten duena. Azken hauek uste dute lehen bezala egon daitezkeela tabernan eta hori ez da horrela.
Maider Agirre: Bat nator esandakoarekin. Ahaztu egiten zaizkigu gauzak; ez gaude egon behar garen bezala. Beldur gehiago eduki beharko genuke. Nik bizitza osoa daukat jokoan tabernan, eta haserretu egiten naiz besteen jokaera okerrengatik nik taberna itxi beharko dudala pentsatzean, edo isuna ordaindu beharko dudala.
Tabernariok adi egon behar gara bezeroak neurriak hartuta sartzen diren edo ez, eta nekeza da egun guztian horrela ibili behar izatea.
J.A.: Tabernariok adi egon behar gara bezeroak neurriak hartuta sartzen diren edo ez, eta nekeza da egun guztian horrela ibili behar izatea. Nahikoa lan dugu barra atzean dugunarekin.
Bezeroek non egiten dute bereziki kale?
M.A.: Maskararena soinean ez eramatearena izaten da ohikoena. Tabernan maskara gabe sartzen dira asko, eta jartzeko eskatzean, autoan ahaztuta utzi dutela erantzuten dizute.
J.A.: Askok, bestalde, ez dute ulertzen eserita egon behar dutela. Tragoxka batzuk hartzen ari direla esaten dizute eta barran zutik geratzen dira.
Negua, gainera, ate joka dago eta hotzarekin zaila izango da kanpoan egotea...
J.A.: Hala da. Agurainen hotz handia egiten du, eta datozen hilabeteotan muga hori izango dugu. Terrazak kentzen baditugu, taberna barruan egon beharko dira bezero guztiak eta oso zaila izango da distantziak mantenduz eserita egotea. Guk biok, zorionez, taberna handiak ditugu, baina txikiak dituztenek... Ziurgabetasuna da nagusi tabernarion artean.
M.A.: Argi dagoena da ezin dela berriro ere dena gelditu; hori ezinezkoa da.
Nik neuk beldur asko diot, bereziki lehen egunari, larunbatari.
Negua baino lehen, dena dela, Aguraingo "ez jaiak" daude. Zer nola aurreikuspenak dituzue?
J.A.: Datozen egunei begira ere ez dakigu nola jokatu ez dakigulako jendea egongo ote den. Dena dela, nik neuk beldur asko diot, bereziki lehen egunari, larunbatari. Gu prest gaude baina ez dakit jendearen jarrera nolakoa izango den; ezingo gara egon arreta deitzen. Egia esan, herria egunotan nahiko lasai dago, baina egun batetik bestera dena aldatu daiteke.
M.A.: Ez gaude tabernak ixteko moduan. Kontuan izan behar dugu ez garela gu bakarrik, langile asko ditugula eta horiek mantendu behar ditugula.
Zer nolako mezua bidaliko zenukete datozen egunei begira?
M.A.: Zentzuz jokatzeko deia bidali nahi diet aguraindarrei. Denon artean, gauzak ondo egiten baditugu,dena ondo joango da. Neurriak bete egin behar dira: esaterako, badakigu ezin garela hamar lagun baino gehiago elkartu; hortaz, saiatu hori betetzen, mesedez. Bestalde, tabernara eskatzen sartzerakoan, bat bakarrik sartzearekin nahiko; ez da kuadrilla guztia sartu behar.
J.A.: Horrekin lotuta, ez dakigu kuadrillen asmoa zein den. Baina, kontuan izan behar dute 20 lagun baldin badira, ezin direla denak batera egon. Egoera zaila da eta urtebete jai gabe bat egon gaitezkeela uste dut; datorren urtean, birritan ospatuko ditugu.
Alde batetik, normala da atera eta tabernetan egon nahi izatea egun bereziak direlako, baina zentzuz jokatu behar da.
M.A.: Hori da. Gogoan izan behar dugu aurten ez dagoela jairik. Badakigu gauean ez dela ezer egongo, eta, beraz, beldur naiz egunez gertatu daitekeenarekin. Alde batetik, normala da atera eta tabernetan egon nahi izatea egun bereziak direlako, baina zentzuz jokatu behar da.
J.A.: Bestela, orain arte egindakoak ez du ezertarako balio izango. Ezin dugu atzera egin. Nik ere nahiko nuke taberna eta jatetxea beteta egotea, baina ezin da.
M.A.: Aguraindarrek argi izan behar dute ez garela kexatzen lan egiteagatik, guk lan egin nahi dugulako eta horretarako gaudelako, baina ezin gara jendearen atzetik egon.
Tabernan zerbitzatzen egoteaz gain, lan osagarriak ere badituzuelako, besteak beste...
M.A.: Hori da. Adibidez, tabernak orain arte garbi bagenituen ere, pandemiaren kontuarekin, askoz gehiago garbitu behar da guztia.