Historian nabarmen atzera egin behar da azokaren jatorria topatzeko. Zehazki, 1395. urtean eskatu zion Pedro Lopez Aiarakoak Gaztelako errege Enrike III.ari haren eskuetan zegoen hiribildu horretan hainbat egun iraungo zuen azoka bat egiteko baimena. Urte horiek guztietan gutxitan huts egin du aguraindarren azokak; orain arte, gerrateak eta izurriteak izan dira ekidin duten ia bakarrak. Lehen eta bigarren karlistaldietan, esaterako, bertan behera geratu zen, eta 1936an ere ezin izan zen egin, Francok hala erabakita.
Izurriteei dagokienez, 1885. urtean azaro hasierara atzeratu zuten koleragatik, eta 1918. urteko gripea dela eta, berriz, azokarik ez izatea erabaki zuten garai hartako antolatzaileek. Mende bat beranduago, erabaki bera hartzera behartuta egongo dira gaur egungo antolatzaileak.
Ganadu trukaketa
Urte askoan oso ezaguna izan zen Aguraingo azoka Euskal Herri osotik nahiz kanpotik iritsitako abeltzainak elkartzen zirelako, askotariko ganadua trukatzeko. Gaur egun, baina, zaila da abeltzainen arteko tratu bat ikustea, eta topaketak bestelako norabidea hartu izan du. Euskal nekazaritza sektorearen erakusleiho garrantzitsua bihurtu da: arraza ezberdineko behi, ardi, ahuntz, asto, oilo eta txerriak egoten dira ikusgai.
Horiez gain, zaldi onenak ere batzen dira azokan, Euskal Herriko mendiko zaldia arrazako lehiaketan parte hartzeko. Aguraindarren eta ingurukoen artean ikusmin handia sortzen duen beste lehiaketa bat ere badago egun horretan; hain justu, Arabako Artzain Gazta lehiaketa, aurtengo jaiei begira antolatu izan den ekimen bakarra